Bisita gidatuak programatu dituzte Moilaberri Estazioko erakusketa iraunkorra ezagutzeko

Juan Luis Romatet 2026ko uztailaren 8a

Moilaberri Estazioko erakusketa iraunkorreko irudia, irekiera egunean. (Juan Luis Romatet)

Uztailerako hiru bisita programatu dituzte, eta abuzturako bat. Beduola eta ZIIZ elkarteetako kideek emango dituzte. Interesdunek aurrez izena eman beharko dute. 

Ekainaren 15ean zabaldu zuten Moilaberri Estazioa, Gernika parkean. Ordutik martxan da bertan Zumaiako Turismo Bulego berria, eta Zumaiako historiaren berri ematen duen erakusketa ere bisitatu daiteke eraikineko lehen solairuan. Zumaia historian zehar du izena erakusketa iraunkorrak, eta herriak urte eta mendeetan zehar izan duen eraldaketaren berri ematen du.

Erakusketa horretan jasotzen den informazioa ezagutu ahal izateko lau bisita gidatu programatu dituzte uztailerako eta abuztu hasierarako. Jarduerak Beduola eta Zumaiako Industria-ondarearen Informazioa Zentroa (ZIIZ) elkarteetako lagunek eskainiko dituzte. Saioak igandetan izango dira, eguerdiko 12:00etan hasita. Uztailaren 12, 19 eta 26an eskainiko dituzte, eta laugarrena abuztuaren 2an. Denak ere euskaraz izango dira, uztailaren 26koa izan ezik; hitzordu hartako azalpenak gaztelaniaz eskainiko dituzte. 

Plaza mugatuak izango dira, eta interesdunek aurrez izena eman beharko dute Turismo Bulegoan bertan, edo telefonoz 943-14 33 96 telefonora deituta. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide