Egun osoko festarekin amaituko dituzte Inpernuperen 40. urteurreneko ospakizunak

Maddi Txintxurreta 2026ko uztailaren 3a

Inpernuperen 40. urteurreneko egitarauaren aurkezpenean egin zuten taldeko argazkia. (Sara Utrera)

Inpernupe kultur elkarteak egun osoko festarekin ospatuko du bihar bere 40. urteurrena. Gailu eta Kak! taldeen kontzertuekin amaituko dira ekainaren hasieran hasi zituzten ospakizunak.

Inpernupe kultur elkarteak 40 urte daramatza Zumaiako komunitate zabal baten bilgune izaten eta egitasmo politiko desberdinak aterpetzen, eta egindako bidea ospatzen dabiltza ekainaren hasieraz geroztik. Biharko festa handiarekin amaituko dute urteurrenerako prestatutako egitaraua.

Inpernupeko komunitateko kide zaharrak eta berriak Erribera kaleko tabernaren bueltan elkartuko ditu biharko egun osoko jaiak. Haurrentzako eskaintzarekin hasiko dute eguna: eskulanak eta jolasak antolatu dituzte haientzat, 11:00etatik aurrera. 13:00etan, berriz, trikitixa, kantua eta poteoa batuko dituzte, Zutrik herriko trikitilarien elkartearen eta Korokoiak koroko kideen eskutik.

14:15ean, Inpernuperen alde topa egingo dute, eta atzetik, herri bazkaria izango da, kantuz girotutako bazkalondoarekin.

Arratsaldean, 17:00etan hasita, jolasak egingo dituzte, eta 18:30ean kalejiran aterako dira Hamarru elektrotxarangarekin batera.

21:00etatik aurrera, berriz, kontzertuak izango dira. Gailu eta Kak! taldeak igoko dira Kofradiaren aurrean prestatuko duten oholtzara. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide