Azken dantzarekin amaitu dira sanpedroak

Maddi Txintxurreta eta Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 29a

Musika izan da San Pedro jaien azken orduetako protagonista. Erromeriaz gozatu dute haurrek, kalejiraz poteoan ziren herritarrek eta Puro Relajoren doinuez musika mexikarraren zaleek.

Herritarrak akitu arte dantzan jarri ditu San Pedro eguneko arratsaldeko egitarauak, jaiei amaiera ofiziala ematen dien su artifizialen ikuskizunaren aurreko orduetan ez baita musikarik gabeko unerik izan. 

Haurrek hasi dute arratsaldeko festa. Arrakasta izan du 18:00etan hasi den Porrusalda erromeriak, kalejiran, saltoka, biraka eta kantuan aritu baitira umeak, haientzat propio eskainitako kontzertuaz gozatzen.

Ordubete beranduago azaldu dira Incansables txarangako musikariak arratsaldeko poteoa girotzera, eguerdian egin duten eran, eta tradizioak agindu bezala, Puro Relajo Nafarroako taldeak beste behin ekarritako doinu mexikarrekin egin dute herritarrek azken dantza. Vulcano Piroteknia etxearen su artifizialen ikuskizunarekin zeruratu dira sanpedroak, datorren urtera arte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide