Herritarren harrera beroa jaso dute Agirrek eta Urteagak

Intza Trula 2026ko ekainaren 29a

Espainiako Txapelketan egindako lan bikaina tarteko, bi txirrindulariek lagunen eta herritarren harrera jaso zuten atzo arratsaldean Konfradian. Hain zuzen ere, jaso duten babesa azpimarratu zuten biek ala biek, hunkituta.

Atzo arratsaldean herritarren harrera beroa jaso zuten Aitor Agirre eta Maite Urteaga txirrindulariek. Espainiako Txapelketan egindako lan bikaina tarteko egin zieten harrera; izan ere, Agirrek erlojupekoa irabazi zuen joan zen ostegunean, eta Urteagak lineako proban elite mailan bigarren egin zuen, herenegun. 

Bi txirrindularien kuadrillek antolatutako harrera Kofradian gauzatu zuten, eta Arritxu Iribarrek gidatu zuen ekitalditxoa; bi lagunek Espainiako Txapelketan egindako balentriak ekarri zituen gogora hark. Gainera, Zumaiako txirrindulari gazte hainbatek arkua eratu zuten gurpilekin, bi txirrindularien iritsierarako.

Lagunen eskutik lore sorta bana jaso zuten Agirrek eta Urteagak Kofradian, hunkituta, hainbat lagun beheko plazatxoan ziren bitartean. Izan ere, herritar ugari izan ziren ekitaldian, bi txirrindulariei babesa ematen, eta hain zuzen ere, biek ala biek horixe nabarmendu zuten: herritarrek emandako babesa. Haiek azpimarratu zutenez, lepotik zintzilik zituzten dominak garrantzitsuak baldin badira ere, inportanteena familiakoen, lagunen eta herritarren babesa da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide