Festa giroan sartu dira dagoeneko zumaiarrak

Intza Trula 2026ko ekainaren 27a

Judo erakustaldiarekin abiatu dituzte gaur goizean sanpedroak, Ondartxo plazan. Jarraian, udaletxe inguruak hartu du festaren lekukoa, bertan bota baitute txupina eguerdi aldera. Horrez gain, patata tortilla lehiaketa eta Falcons de Vilafranca elkartearen ikuskizuna ere izan dira kalean barrena.

Adin tarte eta gustu guztietarako ekitaldiekin ekin diote gaur Zumaian San Pedro jaiei. Eguraldia gorabeheratsua izan da, zaparradaren bat edo beste bota baitu, baina horrek ez du inondik inora ere zumaiarren festarako gogoa apaldu. Herritarrek zein bisitariek hartu dituzte kaleak goizean goizetik, eta eguerdi partera arte hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izan dute.

Hain justu, gaurko lehen hitzordua Ondartxon izan da, haur eta gaztetxoek judo erakustaldia egin baitute bertan. Ikasturtean zehar barneratutako teknika eta ariketa ezberdinak egin dituzte judokek irakaslearen gidaritzapean, hitzordurako prestatutako tatamiaren gainean.

Udaletxe inguruan jarraitu du ondoren jaiak; izan ere, han bota dute sanpedroei ofizialki ekiteko txupina, eguerdi partean. Aurten, kirol arloko elkarteek, herriko Nagusilaneko boluntarioek, eta ZIIZ Zumaiako Industria ondarearen Informazio Zentroko kideek bota dute suziri bana. Jaien hasiera ekitaldia ikustera gerturatu diren herritarren txalo artean bota dituzte txupinak, eta bertan izan dira, baita ere, Zumaiako Udaleko hainbat ordezkari.

Kofradian, berriz, lehiaketa gastronomikoa jokatu dute: Lierniren Omenezko II. Patata Tortilla Lehiaketa, hain justu ere. Amantalak jantzi, eta 12:00 inguruan hasi dira sukaldariak lanean, suak pizten, patatak mozten eta horiek zuritzen, besteak beste. Talde bakoitzak bere teknikarik preziatuena erabili behar izan du, albokoarena baino emaitza hobea lortu ahal izateko.

Zertxobait beranduago, Amaia plazatik Erribera kalean zehar, Falcons de Vilafranca elkarteak ikuskizuna eskaini du. Ikusmin handia piztu du emanaldiak.

Arratsaldean jarraituko du festak herrian. Zehazki, honakoa da datozen ordu eta egunetarako egitaraua:

Gaur, larunbata

  • 17:00. Erkibe lorategian eta Eusebio Gurrutxaga plazan haurrentzat puzgarriak eta jolasak.
  • 18:00. Aitzuri pilotalekuan, San Pedro zesta punta txapelketako finalak.
  • 18:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Lasko txarangaren kalejira.
  • 20:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, ZUMB Musika Bandarekin dantzaldia.
  • 21:30. Moilan kontzertuak: Min, Indigø eta Belako. Ondorioz, Txomin Agirre kaia itxita egongo da (Moilaberri zubi paretik aurrera), 22:30etik 01:30era bitartean.

Bihar, igandea

  • 09:00. Zumaiako Musika Eskolako eta Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita Beti Jai txarangaren kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan herri kirolak.
  • 18:00. Udaletxe aurrean Erraldoi eta Buruhandien kalejira, Tolosako dultzaineroek lagunduta.
  • Jarraian, Eusebio Gurrutxaga plazan haur eta gaztetxoentzat merienda osasuntsua.
  • 18:30. Kantauri plazan hasita Beti Jai txarangaren kalejira.
  • 18:45. Sagarbidetik sanpedroetako danborradaren irteera: Otezuri, Victoriano Arrate, Aita Mari auzunea, I. Zuloaga plaza, udaletxea, parrokia, Ondartxo, Upela plaza parean (Erribera), Magnoliaren parean eta Eusebio Gurrutxaga plaza.
  • 19:00. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 19:00-01:00. Amaia plazan DJ saioak: Eddy, Saizar eta MNNS.
  • 20:00. Udaletxean herriko bandera jasotzea.
  • 22:30. Eusebio Gurrutxaga plazan 70, 80 eta 90 urteko doinuekin dantzaldia, Xabi Fest.

Etzi, astelehena, San Pedro eguna

  • 09:00. Tolosako dultzaineroekin goiz soinua.
  • 11:00. Prozesioa, eta ondoren, meza nagusia San Pedro abesbatzarekin.
  • 11:30. Tolosako dultzaineroak kalejiran.
  • 12:30. Eusebio Gurrutxaga plazan hasita, Incansables txarangarekin kalejira.
  • 13:00. Eusebio Gurrutxaga plazan ZUMB Musika Bandaren kontzertua.
  • 18:00. Kofradian haurren festa, Porrusalda erromeria!
  • 18:30. Erriberan hasita Incansables txarangarekin kalejira.
  • 20:30. Eusebio Gurrutxaga plazan kontzertua: Puro Relajo.
  • 23:00. Su artifizialak Vulcano piroteknia etxearen eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide