Astelehenean, San Pedro egunez, su artifizialen ikuskizuna eskainiko du Vulcano etxeak 23:00etatik aurrera. Hori dela eta, Zubiaundia itxita izango da 19:00etatik gauerdira bitartean, eta N-634 errepidea ere bai, 22:55etik 23:15era. Segurtasuna bermatzeko xedez hartu ditu neurriok Zumaiako Udalak, eta herritarrei seinaleak eta jarraibideak errespetatzeko eskaera egin die.
Erakundeak suak botako dituzten gunera ez hurbiltzeko esan die herritarrei, halaber. Gainera, ikuskizunaz gozatu nahi dutenei Gernika parkera nahiz Txomin Agirre kalera garaiz joatea gomendatu die. Horrez gain, suen bueltako emanaldiak irauten duen bitartean, itsasadarrean txaluparik, piraguarik edo bestelakorik ez erabiltzeko eskatu du, eta ontziak eremu horretatik kentzeko deia ere egin du.