Ezinbestean, harriak dira aurtengo udako protagonistak Zumaian. Ez Itzurunen azaleratu diren harriak bakarrik, baita Alondegiko erakusketa aretoan Harriak programaren barruan antolatu duten bilduma berria ere. Izan ere, Oxford aretoak erakusketa berri bat aterpetua du joan den ostiraletik: Andrea Berbois, Adrian Irisarri eta Angela Rodriguez sortzaileek ondu duten Harrapatu. Artisten hitzetan, bisitariak seduzitu, hots, harrapatu, asmo ditu erakusketak, eta Oxforden gertatuko denak sorginkeriaren antza izan dezakeela ohartarazten dute.
Ostiral arratsaldean zabaldu zuten bilduma Erribera kalean kokatzen den aretoan. Ez zen ohiko irekiera bat izan, mostran jaso dituzten artelanak ikusteko aukera izateaz gain, Berboisek zuzeneko soinu banda jarri ziolako biolinarekin. Musikaria eta performerra da Eibarren 1988an jaiotako Berbois, Filosofian lizentziatua eta biolinaren interpretazioan graduatua izateaz gain. Bere praktika soinua eta performancearen artean mugitzen da, gorputzaren eta soinuaren bitartez presentzia eszenikoan zentratuz.
Diziplina anitzak
Garinoaingoa (Nafarroa) da, bere aldetik, Adrian Irisarri. 2001. urtean jaioa, Arte Ederretan graduatua da EHUn, eta bere lanak irudia eta eszenografia ditu ardatz, "lurraldearen interpretaziotik, lurralde horrekiko atxikimendutik eta bere eraikuntzari lotuta eragindako ezaugarrietatik itxuratuak", erakusketako arduradunen hitzetan.
Burgosko (Espainia) Cristantes herrian jaio zen, 1994an, erakusketako hirugarren partaidea, Angela Rodriguez. Burgosko Unibertsitatean Arte Ederretan graduatua, bere lanak hainbat diziplina barnebiltzen ditu, izan marrazketa, argazkilaritza, bideoa edota soinu esperimentazioa, eta horiek guztiekin performancetik hurbil dagoen lana sortzen du Rodriguezek.
Eusko Jaurlaritzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan arte garaikidea sustatzeko martxan duen Harriak programaren barruan sortu dute erakusketa, eta Maider Aldasoro arduratu da bitartekaritza lanaz. Erakusketaz gain, Harrapatu proiektuak beste bi adar jorratuko ditu: musika eta marrazketa. Uztailaren 10ean, 17:30ean, marrazketa lantegia eskainiko du Rodriguezek, eta 19:30ean kontzertua emango du Berboisek.
Berboisen, Irisarriren eta Rodriguezen proiektua uztailaren 12ra arte egongo da ikusgai Oxford aretoan. Egunero irekiko dituzte erakusketaren ateak, aste barruko egunetan 18:30etik 20:30era, eta asteburuetan nahiz jaiegunetan 12:30etik 14:00etara eta 18:30etik 20:30era.