Zabaldu dute Zumaiako Triatloirako izen ematea

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 23a

Zumaiako Triatloiko iazko edizioko irteera. (Guka)

Irailaren 12an jokatuko dute aurtengo Zumaiako Triatloia, sprint distantzian. Kadete kategoriako kirolarientzat eta egokitutakoentzat aukera izango da Zumaiako hitzorduan parte hartzeko, super sprint distantzian.

Zumaiako Triatloi Taldeak zabaldu du dagoeneko aurtengo Zumaiako Triatloirako izen ematea. Hitzordua irailaren 12an izango da, larunbat arratsaldean. Sprint modalitatean jokatuko dute kirol proba hura, eta gainera Euskadiko Txapelketa izango da Zumaiako hitzordua. 

Triatletek egun horretan egin beharko duten lana honakoa izango da: 750 metro igerian, itsasadarrean zehar; 20 kilometro bizikletan, eskualdeko errepideetan; eta 5 kilometro korrika herriko kaleetan zehar. Kirolari federatuek eta federatuak ez direnek izango dute aukera proban parte hartzeko. 

Emakumeen probak emango dio hasiera iraileko saioari. 17:00etan aterako dira hauek. Iaz egin bezala, federatuak uretatik aterako dira, eta federatuak ez direnek Arranplatik. Berdin gertatuko da gizonezkoekin, baina hauek 17:20an hasiko dute beraien saioa. 

Kadeteak eta kirolari egokituak

Kadete kategoriako gazteei eta triatleta egokituek ere izango dute Zumaian lehiatzeko aukera. Hauek super sprint modalitatea egin beharko dute, honako distantziak eginez: 350 metro igerian, 11,4 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. Hauen kasuan, kirolari egokituek 16:50ean hasiko dute lana; Kadeteek, bere aldetik, 17:15ean. Egokituen kasuan, Zumaiakoa Euskadiko Paratriatloi Txapelketa izango da.

Izen emateak dagoeneko zabaldu dituzte Rock the sport atarian. Sprint modalitatea korritu nahi dutenek hemen dute izena; kadeteek eta kirolari egokituek, aldiz, hemen. Bien kasuan ere, izena emateko epea irailaren 7ko gauerdian itxiko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide