Maratoi modalitateko Euskadiko Piraguismo Txapelketa jokatu dute gaur 70 piraguista baino gehiagok Zumaian, itsas kiroldegitik abiatuta. 10:00etan, hasi da lehia, aurreikusitakoa baino ordubete lehenago, beroaren eraginez. Etxeko piraguistek hainbat domina lortu dituzte.
Zale ugariren animoak jaso dituzte Itxas Gain elkarteak antolatu ohi duen proban parte hartu duten kirolariek, eta ikusleek, berriz, herriko piraguismo elkarteak jan-edanerako jarri duen txokoaz gozatzeko aukera izan dute.
Kadete, jubenil, senior eta beteranoen kategorietan jokatu dute txapelketa 10 klubetako kirolariek. Kadeteek 14 kilometroko distantzia bete dute hiru eramate edo porteorekin; jubenilek eta beteranoek 17 kilometro, hiru eramaterekin; eta seniorrek, berriz, 20 kilometro egin dituzte, lau porteorekin.
Irteera, helmuga eta porteoak Itsas kiroldegi aurrean egin dituzte, eta ziabogak emateko buiak Bedua inguruan, Txomin Agirre kaian eta trenaren zubitik 300 kilometrora jarri dituzte.
Itxas Gain klubeko piraguistek emaitza aipagarriak lortu dituzte gaurko proban. Urrezko dominga lortu dute Amaia Aizpurua kadeteak, Irati Osa seniorrak, Asier Aizpurua eta Maite Etxabek osatutako bikoteak (senior mailako kategoria mistoan), Haritz Aizpuruak eta Xabat Bergarak (K2 seniorren gizonezko kategorian), Eider Amundarainek (20 kilometroko banakako proban), Vicente Royo eta Iñigo Lois bikoteak (beteranoetan) eta Oier Aizpurua eta Eñaut Aizpurua beteranoek.
Sailkapen guztiak esteka honetan daude ikusgai.