D'Caprichoren kontzertuak Inpernupeko terraza bete du

Maddi Txintxurreta 2026ko ekainaren 20a

Inpernupe elkartearen 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekintzen barruan, Kubako eta Euskal Herriko musikak lantzen dituen D'Capricho taldeak kontzertua eskaini zuen atzo. Bihar, bertso saioa izango da Erribera kaleko elkartean.

Inpernupe elkartea 40. urteurrena ospatzeko ekintzetan murgilduta dago, eta arrakasta izan zuen ostiral iluntzea girotzeko antolatu zuten kontzertuak. Tabernako terraza jendez bete zen Kubako eta Euskal Herriko doinuak uztartzen dituen D'Capricho taldea entzuteko.

D’Capricho Habanako Danieuris eta Daniellis Moya Avila ahizpek osatzen dute, eta ezagunak dira Euskal Herrian, Kubako musika tradizionala euskarazko letrekin eta euskal poesiarekin nahasteagatik.

Bihar, berriz, bertso saioa izango da Inpernupen. Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Oihana Bartra eta Jon Maia ariko dira kantan, Maddi Gallastegi gai jartzaileari erantzunez.

Inpernupe elkarteak 40. urteurrena ospatzeko antolatu duen egitarauaren azken bi ekintzak egingo dituzte datozen bi asteetan. Ekainaren 27an Lierniren Omenezko II. Patata Tortilla Lehiaketa egingo dute, eta uztailaren 4an, berriz, egun osoko festa izango da.

(Argazkiak: Utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide