Abuztuaren amaieran egingo dute aurten Kuadrilla eguna

Juan Luis Romatet 2026ko ekainaren 18a

Iazko bizikleta gaineko poteoko argazkia, Kuadrilla egunean. (Intza Trula)

Abuztuko hirugarren asteburuan egin dute herriko kuadrillei zuzendutako festa, baina abuztuaren 15ean eta 22an bestelako ospakizunak daudenez, hilaren amaierara mugitzeko hautua egin du udalak.

Sanpedroetako eta udako ekitaldien egitaraua banatu zuen atzo udalak etxeko postontzietan, eta abuztuko ekitaldi baten data berriak ezustean harrapatu zituen herritar ugari, gazteak bereziki: Kuadrilla eguna abuztuaren 29an egingo da aurten, eta ez hileko hirugarren asteburuan, orain arte ohikoa izan den bezala.

Abuztuko festa egitarauak hiru hitzordu finko izan ohi ditu: Gala gaua lehen asteburuan, Euskal Jai eguna bigarrengoan eta Kuadrilla eguna hirugarrengoan. Aurten, baina, hirugarren hitzordu hori hilaren amaierara mugitu dute. Badu aldaketa horrek, ordea, bere arrazoia, Udaleko Kultura Sailaren arabera. 

Izan ere, Kuadrilla eguna hirugarren asteburuan ospatuz gero, larunbatean egingo litzateke, eta egun hori berez jaieguna da, Ama Birjin eguna, hain zuzenere, "eta jaieguna izateaz gain, egun horretan ekintza ugari izan ohi da inguruko herrietan". Astebete geroago egin nahi izanez gero, abuztuaren 22an egingo litzateke, "eta egun horretan Oikiako jaiak dira". Abuztuaren 21etik 25era eta 28an ospatuko dituzte san bartolomeak Oikian. Hala, Kuadrilla eguna ospatu nahi izanez gero, abuztuaren 29a zen egun libre bakarra, udalaren esanetan. 

Dardarafestik ez

Kuadrilla egunarekin batera egin izan da Dardarafest rock jaialdia. Aurten data horretan ez dela egingo ere esan du udalak, "baina agian bai udazkenean". Jaialdirik izango ez bada ere, abuztuaren 29an kontzertu bat izango dela aurreratu du. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide