Asier Iribar eskubaloi jokalari zumaiarra Aranda de Dueroko (Espainia) Villa de Aranda taldean aritu da azken denboraldian, eta Valladoliden (Espainia) izango da hurrengoan, Recoletas Atletico Valladolid klubaren elastikoa defendatzen. Bidasoa Irun klubeko jokalaria da Iribar, eta 2028ra arteko kontratua du Gipuzkoako klubarekin, baina utzita jokatuko du datorren denboraldia ere.
Azken urtean, Zumaiako jokalariak emaitza bikainak lortu ditu Burgosko taldean: 88 gol sartu ditu ligako 27 partidatan. Bidasoa Irun klubaren arabera, denboraldi osoan zehar erakutsi duen "errendimenduak, erregulartasunak eta hazkundeak agerian utzi dute etorkizun handiko jokalaria dela, eta bere garapenean pauso sendoak ematen jarraitzen duela".
Garapen horri Recoletas Atletico Valladoliden emango dio segida, eta Irungo taldeak nabarmendu duenez, "lagapenak aukera emango dio esperientzia eta ardura gehiago pilatzeko estatuko eskubaloiaren maila gorenean".