Etenda dago Zumaia eta Zarautz arteko tren zerbitzua

Erredakzioa 2026ko ekainaren 16a

Merkantziak garraiatzeko erabiltzen duten tren bat errailetatik irten da gauean, eta hura atera arte ez da zerbitzurik izango. Ondorioz, autobusez egingo dute bi herrien arteko ibilbidea.

Sorpresa aurkitu dute gaur goizeko lehen orduetan Zarautz eta Zumaiako tren geltokietako erabiltzaileek. Izan ere, Euskotreneko langileek esandakoaren arabera, gauez merkantziak garraiatzeko erabiltzen duten tren bat errailetatik atera da, eta horrek bi herrien arteko tren zerbitzua eten beharra eragin du.

Trena berriro ere errailen gainean jartzeko lanak egiteko egun osoa beharko dutela ere esan diete langileek erabiltzaileei. Ondorioz, bi herrien arteko bidea autobusez egiten ari dira herritarrak. Dena den, Zarautzera iritsita berriro trenera igotzeko aukera dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide