Sektoreko lan hitzarmen berria lortzeko borrokan jarraitzen dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek. Aste honetarako deitutako hiru greba egunetatik bigarrena dute gaurkoa. Lanuzteez gain, beste protesta ekintza batzuk ere egin dituzte lurraldeko egoitzetako langileek.
Hala, atzotik martxa ibiltariak ari dira egiten langileak, ELA sindikatuak deituta. Atzo Legazpin eta Beasainen egin zituzten protesta ekintzak, eta gaur Urola Kosta eskualdeko beharginen txanda izan da, Zumaia eta Zarautz arteko martxa ibiltaria egin dutelako. Goizeko 09:30ean abiatu dira langileak Zuloaga plazatik, eta kostako errepidean barrena Zarautzerako bidea egin dute. San Juan egoitzako langileek bakarrik ez, Gipuzkoako leku desberdinetatik etorritako jendeak ere parte hartu du ekintzan.