Ikasturteari amaiera emateko, aurten ere Raixta Eguna ospatu du Zumaiako emakumeen etxeak, eta gaur goiz-eguerdi partean askotariko postuak egon dira Martxoaren 8ko plazan, eta bizpahiru tailer ere egin dituzte han bertan goizean zehar. Gainera, 13:00 aldera batukada feministak herriko kaleak zeharkatu ditu, festa herrira barreiatuz erritmo indartsu eta biziekin batera.
Hogeiren bat artisau elkartu dira emakumee etxe aurreko plazan. Belarritakoen postuak izan dira nagusi, baina bestelako produktuak ere jarri dituzte salgai: arropa, xaboiak, koadroak, zeramikazko objektuak, nezeserrak...
Sahararrei elkartasuna azaltzeko postua ere egon da: bertan, hainbat motatako opilak eta tea hartzeko aukera eman dute borondatearen truke, eta hennarekin eskuak margotzen ere aritu dira batzuk.
Postuen inguruan, barra zerbitzua izan da, handik mugitu gabe jan-edanaz gozatzeko, eta sariak ere zozkatu dituzte boletoak erosi dituztenen artean.