Etxape Zentro Sozialista arriskuan dagoela ohartarazi dute

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 29a

Dozenaka lagun, MSk Etxape Zentro Sozialistaren egoeraren berri emateko egin zuen agerraldian. (Utzitakoa)

Zumaiako Mugimendu Sozialistaren egoitzaren jabeek eraikina saldu dutela jakinarazi dute, eta jabe berriak etxebizitza tasatuak egin nahi dituela bertan. MSko kideek aldarrikatu dute hutsak dauden lokalei erabilera bat ematea izan beharko lukeela helburua, eta ez martxan dauden espazioak hustea.

Etxape Zentro Sozialista arriskuan dagoela ohartarazi zuten atzo, osteguna, Mugimendu Sozialistak (MS) egindako agerraldira batu ziren dozenaka herritarrek. Lau urte dira MSko kideek Aita Mari auzuneko lokala zabaldu zutenetik, eta duela hilabete batzuk jakin zuten Etxaperen eta bertan gauzatzen dituzten proiektuen etorkizuna kolokan dagoela: eraikin horretan etxebizitza tasatuak egiteko asmoa duen jabe batek erosi du lokala, eta hark nahiz aurreko jabeak gazteak kanporatu nahi dituztela salatu zuten.

Abenduan egin zuten gazteak kaleratzeko lehenengo saiakera, agerraldian jakinarazi zutenez. Lokala erabiltzeko kontratuaren epea amaitzen zela aprobetxatu zuten horretarako, baina Etxapeko kideak "tinko" mantendu zirela esan zuten, eta ondorioz, gaur arte espazioan jarraitzea lortu dutela.

Azaldu zutenez, jabe berriak eraikina birkalifikatu nahi du bertan etxebizitza tasatuak egiteko, eta udal ordenantza batek horretarako baimena ematen diola defendatzen du hark. "Baina guk argi dugu ezetz –nabarmendu zuten MSko kideek–; ordenantzak ez dio aukerarik ematen gu bertatik botatzeko eta etxebizitzak eraikitzeko. Izan ere, ordenantzaren helburua da jarduerarik ez duten eta hutsak dauden lokalei erabilera bat ematea, eta ez gaur egun jarduera martxan duten horiek hustea".

"Eraiki nahi dituen etxebizitzen ustezko izaera soziala azpimarratu arren, promotoreak benetan bilatzen duen bakarra higiezin honekin negozioa egitea da, eta asmo horrekin erosi du lokala: etxebizitzak eraikitzeko eta epe laburrean bertatik etekin ekonomikoa ateratzeko. Hori edozein preziotara egin nahi du, baita horretarako auzoan eta herrian jardun sozial aktiboa duen espazio bat desalojatu behar badu ere", gaineratu zuten atzoko agerraldian.

Gaur-gaurkoz, Etxape Zentro Sozialistak "inoiz baino bizitza gehiago" duela azpimarratu zuten MSko militanteek, eta espazio hori defendatzeko beharra aldarrikatu zuten. "Espazioa babesteko eta husteko mehatxuen aurka elkartasuna antolatzeko deia egiten diogu Zumaiako zein inguruetako langileriari", agertu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide