Bosgarren aldiz, Zumaiako Emakumeon Etxeak Raixta Eguna antolatu du. Maiatzaren 30ean egingo dute festa, eta ohi bezala, ikasturtean zehar Emakumeon Etxearen bidaide izan diren herritarrak elkartzea, espazio horretan egin dituzten dinamikak kalera ateratzea, eta herriko emakume sortzaileei ikusgarritasuna ematea izango du helburu.
Horrela, 10:00-15:00ak bitartean zumaiako emakume sortzaileen azoka ikusgai egongo da Martxoaren 8a plazan. Aurten, 20 lagunek jarriko dute postua, sorkuntza ezberdinekin: bitxigintza, ilustrazioa, zeramika, artisautza... Bitartean, piercingak eta hortzetako harribitxiak jartzeko aukera ere egongo da.
10:00-11:30 bitartean, bestalde, bi tailer eskainiko dituzte: batetik, liburu markak landareekin egiten ikasteko tailerra emango du Aiora Urbietak, eta bestetik, heteroarauak ezartzen dituen rol tradizionalak apurtzeko proposamena ekarriko du Nerea Hernandezek, Batxata salsa kuir dantza tailerrarekin.
12:00etan topaketa egingo dute lurralderen, uraren eta giza eskubideen defendatzaile kolonbiarrekin, eta 13:00etan musikari emango diote bide: oholtza txikian DJ izango da, eta batukada feminista herriko kaleetan zehar ibiliko da.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, piercingak egiteko nahiz tailerretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, 633 43 27 62 telefonora deituta edo info@zumaiakoemakumeonetxea.eus helbidera idatzita.