Azterketa egingo diote Geoparkeari, Unescoren izendapena berresteko

Juan Luis Romatet 2026ko maiatzaren 7a

Unescoko ebaluatzaileak Geoparkeko kideekin, aurretik egindako ebaluazio batean. (Euskal Kostaldeko Geoparkea)

Geoparkeen munduko sareko bi ebaluatzaile bertaratuko dira Euskal Kostaldeko Geoparkera, igandetik aurrera, eta lau eguneko epean, erakundearen kudeaketa eta azken lau urtetan egindako aurrerapenen azterketa egitera.

Unescoren Munduko Geoparke Sareko partaidea da Euskal Kostaldeko Geoparkea, baina izendapena ez da betirako izaten. Sareko kide izaten jarraitu ahal izateko, ebaluazioa pasa behar izaten duten sareko partaideek, eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen kasuan laugarren errebalida prozesua pasako du igandean hasi eta datorren asteazkenera bitartean. Ebaluazio horren bidez jakingo du Deba, Mutriku eta Zumaia barnebiltzen dituen erakundeak Munduko Geoparke izendapenari beste lau urtez eutsiko dion ala ez. "Txartel berdea (Green Card) jokoan dago eta dena prest daukate Deban, Mutrikun eta Zumaian erronka gainditzeko bidean", azpimarratu dute Geoparketik

Txostena egingo duten Unescoko bi ebaluatzaileren bisita izango da datozen egunotan kostaldeko hiru udalerrietan, Emmaline Rosado-Gonzalez mexikarra eta Alexandru Andrasanu errumaniarra, hain zuzen ere. Bisitaren helburua da Geoparkearen azken lau urteotako aurrerapausoen azterketa sakona egitea, "Unescoren Munduko Geoparke izateko baldintzak betetzen dituela ziurtatzeko. Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriuso Astigarragaren arabera, “Geoparkeak lau urtetan lan handia gauzatu du, prest gaude azterketarako; proiektu sendoa eta arrakastatsua aurkituko dute ebaluatzaileek”.

Ebaluatzaileek erakundetako ordezkariekin, teknikariekin eta zonaldeko eragile ezberdinekin elkartuko dira, "bertatik bertara egiazta dezaten Geoparkeko lurraldeko geologia, natura, ekonomia eta gizarte-ondarea babesteko eta balioesteko egin den lan kolektiboa". Elkarrizketa horiek egiteaz gain, Geoparkeko interesgune nagusiak bisitatuko dituzte, egitarau mardul bati jarraituz.

Lau urterako izendapena

Euskal Kostaldeko Geoparkea 2010az geroztik da Unescoren Munduko eta Europako Geoparkeen Sareko kidea. Sarean dauden kide guztiek errebalida prozesu zorrotza igaro behar dute, lau urtetik behin, irizpide egokiekin lan egiten dutela ziurtatzeko. Izendapen hori lau urterako eskuratzen dutela azaldu dute, eta epe hori igarota, berriro aztertzen dutela Geoparkearen jarduna, "garapen iraunkorrari dagokionean edota balio geologiko eta kulturalen gizarteratze eta kontserbazioari dagokionean".

Egindako azterketaren emaitzak datorren udazkenean jasoko dutela ere jakitera eman dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide