Foronda kultur etxean ematen duten pintura tailerra bere amaierara heldu da, eta ohikoa den bezala, hartan parte hartu duten lagunek sortutako margolanak ikusgai jarri dituzte Alondegiko Oxford aretoan.
Mireia Lizundia izan da aurten pintura tailerreko irakaslea, eta esperientzia oso gustokoa izan dela azaldu zuen irekierako unean. "Beti gustatu izan zait pintura, eta lehen aldia dut helduen irakasle lanetan. Hasieran, pixka bat, errespetua ematen zidan, batzuk hasiberriak izan direlako, baina beste batzuk aurretik ere aritu direlako kurtso hauetan", adierazi du. Zentzu horretan, erronka bat izan dela ere azpimarratu zuen, "ze, batzuk pinturan hasi nahi zuten eta besteek teknika hobetu. Halakoetan taldea egitea zaila izaten da, baina hemen izugarrizko giro ona izan dugu. Asko gustatu zait eta saiatzen ari gara ea datorren urtean talde berarekin kurtsoa antolatzea dugun".
Ikastaroan aritutako hamar lagunen lanak erakutsi dituzte aretoko hormetan. "Bakoitzak hiruzpalau lan erakutsi ditu. Batzuei lotsa ematen zien hastapenetako lanak erakustea, eta amaiera aldera egindakoak eramatea nahiago zuten. Baina justu hori zela polita esan zien, kurtso hasierako eta amaierako lanak erakustea, ikusteko zer ikasi duten ikastaroak iraun duen sei hilabeteetan".
Aurten helduen ikastaroa bakarrik izan da, ez, ordea, haurrena. "Azaro inguruan egin genuen ate irekien jardunaldi bat, baina garai hartarako haurra dagoeneko beste jarduera batzuetan apuntatuta zeuden. Etorkizunean, taldea aterako balitz, prest egongo ginateke hura ere emateko".
Bilduma datorren asteartera harte, hilaren 12ra bitarte, ikusi ahal izango dira Erribera kaleko aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era bitartean. Larunbatean eta igandean ere zabalik izango da aretoa eguerditan, 12:30etik 14:00etara bitartean.