Hirigintza aldetik datozen urteetarako Zumaiako irudikatu nahi duen Hiri Antolamendu Plan Orokorra (HAPO) aztertu eta bozkatu zuten atzo arratsaldean Zumaiako udaletxeko pleno aretoan egindako apirileko ohiko udalbatzarrean. Hura zen saioko gai nagusia, eta hari eman zioten hautetsiek bi ordu iraun zuen bilkurako denbora gehiena.
Dokumentua behin-behinekoz onartu behar zuten atzo, eta hura osatze aldera egindako pausoen berri eman nahi izan zuen Iñaki Ostolaza alkateak. Gogoratu zuen HAPOa diseinatzeko prozesua 2020an abiatu zutela, eta aurretik arau subsidiarioak besterik ez zituela Zumaiak, 2004. urtekoak, eta bide horretan herritarrei eman zitzaiela aukera “udalerriko beharrak bildu eta eztabaidatzeko”. Prozesu hartan 233 pertsonak parte hartu izana ere txalotu zuen agintariak.
Ekarpen haiekin irizpideak eta helburuak biltzen zituen txostena osatu zutela ere gogoratu zuen, baita goraipatu ere aho batez onartu zutela 2022ko urtarrilean egindako osoko bilkuran. Plana idaztearen ardura Erdu enpresak hartu zuela ere azaldu zuen Ostolazak, behin lehiaketa irabazi eta gero, eta sektoreko ekarpenak jaso eta gero, 2024ko abenduko udalbatzarrera eraman zutela ere adierazi zuten, hasierako onespena jaso ahal izateko. 2022ko bilkuran ez bezala, dokumentuari hasierako onespena ematerako orduan EAJk aurka bozkatu zuen, eta PSE-EE abstenitu egin zen. Udal Gobernuan dagoen EH Bilduren gehiengoarekin eman zitzaion lehen onespena, eta, alkateak azaldu zuenez, jarraian alegazioak aurkezteko epea zabaldu zuten, baita denbora horretan 47 helegite jaso ere. “Horietako bakoitzaren bideragarritasuna aztertu da gero, teknikoki eta juridikoki”, esan zuen Ostolazak.
Atzo aztertutako proposamenak “hiru ardatz” dituela ere aipatu zuen alkateak, hala nola, “etxebizitza, jarduera ekonomikoa eta ekipamenduak, eta espazio publikoa”, alkatearen esanetan, “hainbat zeharlerroen gainean antolatuta: jasangarritasuna, ingurumenaren kontserbazioa, inklusibitatea, berdintasuna, ondarearen babesa eta euskara”.
Etxebizitzei dagokionez, planak 863 etxebizitza egitea jasotzen dituela zioen alkateak, “horietatik 680 berriak eta horien artean %60 babestuak”. Alokairu sozialerako 185 etxebizitza bideratu nahi dituztela ere esan zuen Ostolazak, 150 Puntanoetan eta beste 35 Aita Marin, azken horiek Eusko Jaurlaritzarekin aurreikusten den hitzarmenari esker.
Amaitu zuen esaten “Zumaia irudikatuko duen plana” denen artean osatu zutela. “Herri proiektua da eta denon babesa izatea ezinbestekoa da”, gaineratu zuen Ostolazak.
Oposizioa aurka
Zumaiako alkatearen gogoa edo desioa, ordea, ez zen bete, oposizioko bi alderdiek, EAJk eta PSE-EEk, aurka bozkatu zutelako. EAJren aldetik, Xabier Odriozola zinegotziak hartu zuen hitza, baita aurreratu ere bere alderdiko hautetsien botoa. “Ezezko botoa emango dugu, eredu horrek ez duelako epe ertain eta luzerako soluziorik ematen”. Bilkurara eramandako proposamenaren epea ere kritikatu zuen zinegotzi jeltzaleak. “Zortzi urtera begira egindako plana da, eta hori akatsa da, [urte horiek pasatu eta gero] berriro berritu beharko delako”. Plana datozen hamabi edo hambost urtera begira egitea proposatu zuen jarraian.
Etxebizitza krisialdi bat bizitzen ari garela gogoratu zuen, eta plana epe ertain-luzera begira jarrita, etxebizitza kopuru handiagoa egin daitekeela ondorioztatu zuen. Adibide batzuk ere jarri nahi izan zituen Odriozolak. “Aurkeztutako planak 863 etxebizitza berri egitea jasotzen du, baina plan hori hamabost urtera begira egingo bagenu, 1.300 etxebizitza berri egiteko aukera egongo zela uste dugu. Hau da, epe ertain-luze batean ia 500 etxebizitza berri gehiago egiteko aukera egongo litzateke”.
Babes publikoko etxebizitzak ere hizpide izan zituen EAJren bozeramaileak. Gogoratu zuen tentsiopeko gune izendatuta dagoela Zumaia, eta izendapen haren arabera, “20 urteko epean babes publikoko etxebizitzen parkea %20koa izan behar dela”, beti ere herriko etxebizitza kopuruarekin alderatuta.
Kontrako botoa iragarri bazuen ere, “elkarlanerako prest” zeudela ere adierazi zien Odriozolak udal gobernuko kideei.
Jeltzaleen posturarekin kritiko agertu ziren EH Bilduk osatzen duen udal gobernuko kideak. EAJk defendatutako 1.300 etxebizitza berri egiteko planteamenduari dagokionez, Argi Yeregi hirigintza zinegotziak gogoratu zien legediak “gehienez” 1.180 etxebizitza berri egitea baimentzen duela. Plana onartzeko denborei dagokionez, “epea beti mahai gainean egon” dela ere esan zien. “Etxebizitza hauek egitea beharrezkoa bada, nola esan behar diezue herritarrei [prozesu] dena berriro hasi behar dela?”.
Iñaki Ostolazaren iritziz, EAJren aurkako bozka “etxebizitza kopuruan, eta epea zortzi ala hamabost-hogei urtekoa izatean oinarritzen” da. “Epearen dikotomia” mahai gainean egon dela gogoratu zuen, eta dokumentua idatzi duen Erdu enpresaren plangintza 20 urtera luzatu daitekeela ere azaldu zuen. “Akaso ezagutzen duzue zortzi urte besterik iraun duen planik? Hori ezinezkoa da”, esan zuen alkateak.
Ereduaren inguruan jeltzaleek adierazitakoaren inguruan oso kritiko agertu zen Ostolaza. “Eredu honekin ez zaudetela ados esan duzue. Eredu hori irizpideetan eta helburuetan finkatzen zen, eta haiekin ados zineten”, esan zuen. Planaren aurrerakina osatzerako orduan Oier Korta eta Ricardo Peña EAJko alkate ohiekin ere bildu zirela esan zuen alkateak, “eta gai horiek guztiak mahai gainean jarri ziren. Han esan zen non egin zitezkeen etorkizuneko bizitokiak”. EAJko zinegotziei zuzenduta, Ostolazak esan zien: “Eredua han finkatu zen eta EAJ ados zegoen. Noiz eta zeinek erabaki du orain ereduak ez duela balio?”.
Xabier Odriozolak berriro ere hitza hartu zuen esateko eredu hitza erabiltzen zutenean “epeaz eta denboraz” ari zirela. Onartu zuen helburuei baietza eman zietela, baina “HAPO beste gauza bat da eta ez gaude denarekin ados”.
Sozialisten ezezkoa
HAPOren proposamenak alderdi sozialistaren babesik ere ez zuen jaso. Bere hitzartzean, Duñike Agirrezabalaga PSE-EEko zinegotziak gogoan izan zuen Zumaiak bizi duen arazo handienetakoa etxebizitzarena dela. "Jabetzen naiz arazo honen konponbidea ez dela erraza, eta formula ere ezin duela udalak bakarrik eskaini”. Zumaia kostaldean egonik eta herri turistikoa izanik, soluzioa konplexuagoa dela ere esan zuen zinegotziak.
Proposamena diseinatzerako orduan alderdi sozialistak alegazio bat aurkeztu zuela ere azaldu zuen Agirrezabalagak, Guascor inguruko [Santiagon dagoen eraikin hutsa] lursaila bizitegi lurzoru bihurtzeko, “hala, bizitegi erabilerako espazio bat irabazteko”.
Etxebizitzarekin jarraituta, Puntanoetan eta Aita Marin aurreikusitako garapenekin bat zetorrela esan zuen Agirrezabalagak, baina arlo horretako beste garapenei dagokienez, kanpoaldean zentratu baino, bizitegi gunetik gertuen dagoen eremua okupatzearen alde agertu zen.
Udal gobernuak aurkeztutako proposamena “kontserbadorea eta kontinuista” dela esan eta gero, botoa ematerako orduan proposamenaren aurka bozkatuko zuela esan zuen, “batez ere, talde sozialistak aurkeztutako alegazioa ukatu egin delako, baina horrek ez du esan nahi etorkizunean ez dugunik babestuko HAPOn jaso diren proiektu batzuen garapena”.
Guascorren etxeak ez egitearen arrazoia adierazi zitzaiola esan zion Ostolazak Agirrezabalagarik. “Hiriaren jarraipenean eten bat dago, eta beste bizitegi berri bat sortuko litzateke, Santiagora bidean joango zena, eta ez geunden horrekin ados”, esan zuen alkateak.
Jeltzaleek zein sozialistek elkarlanerako adierazitako borondateari dagokionez, Ostolazak gogoratu zien behin-behineko onarpena jaso eta gero, ezinezkoa dela alegazioak aurkeztea. “Hori jakinda, zer adostasunetara heldu behar gara?”, esan zuen alkateak.
Bozkatzerako orduan, HAPOren proposamenak bederatzi aldeko boto jaso zituen, EH Bilduren zinegotzienak; EAJk (sei) eta PSE-EEk (bat) aurka bozkatu zuten.