Aurtengo itsas zeharkaldia, herrikoiagoa

Maddi Txintxurreta 2026ko maiatzaren 1a

Jendetza, iazko itsas zeharkaldiaren irteeran. (Juan Luis Romatet)

Lehenengo aldiz, Itzurun-Arranpla zeharkaldiaren bederatzigarren edizioan 1.500 metroko proba egiteko aukera izango dute igerilariek. Itsas zeharkaldia "herrikoiagoa" izan dadin erabaki du Taosak distantzia erdiko proba antolatzea.

Uztailaren 11n jokatuko dute Taosa igeriketa klubak urtero antolatzen duen Itzurun-Arranpla itsas zeharkaldia. Ohi bezala, 3.000 metrokoa izango da eguneko proba nagusia eta 500 edo 1.100 metroko distantzien artean aukeratu ahal izango dute haurrek, baina zeharkaldiaren bederatzigarren edizioak berritasun esanguratsu bat dakar: helduentzako distantzia erdiko zeharkaldia egingo dute estreinakoz.

Proba "herrikoiagoa" izan dadin erabaki dute antolatzaileek 1.500 metroko zeharkaldia egiteko aukera eskaintzea, Itzurun hondartza eta Arbustaingo arrapala lotzen dituen 3.000 metroko proba jende askorentzat gehiegizkoa izan daitekeela jakinda. Horrela, distantzia erdiko proba aukeratuko duten igerilariak Santiago hondartzatik aterako dira, itsaso aldera metro batzuk egingo dituzte igerian, eta buelta emanda, errioan barrena, arrapalan amaituko dute ibilbidea. Gainera, goraka egingo duen marearen laguntza izango dute igerilariek, eta paoleko dikeari esker, bidean babes gehixeago izango dute, itsaso irekian jokatzen duten distantzia luzeko proban ez bezala.

"Distantzia erdiko aukera eskainita jende gehiago animatuko litzatekeela pentsatu genuen. 3.000 metroko proban igerian dezente ibiltzen den jendeak parte hartzen du, eta 1.500ekoa herrikoiagoa izan daitekeela uste dugu. Zumaian jende pila bat ibiltzen da igerilekuan, eta pixka bat ibiltzen diren horiek erraz egingo dute proba", ziurtatu du Mikel Etxabe Taosa igeriketa klubeko zuzendaritzako kideak.

Beharrezko hauspoa

Etxaberen esanetan, Itzurun-Arranpla zeharkaldiak Zumaian behar-beharrezko duen hauspoa ematen dio igeriketari eta Taosa klubari; horregatik, uztailaren 11ko proban parte hartzera animatu ditu herritarrak. "Klub txiki batek antolatzen du proba hau, eta izugarrizko laguntza izaten da guretzako nahiz igeriketarentzako. Urtero bezala, gure aldetik daukagun dena jarriko dugu", adierazi du.

Zeharkaldirako izen ematea dagoeneko zabalik dago rockthesport.com webgunean. Haurrek 15 euro ordainduko dituzte, 20 euro distantzia erdiko proba aukeratuko duten helduek, eta 30 euro proba nagusian ariko diren igerilariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide