Ez da zaldi lasterketarik egingo aurten Itzurun hondartzan

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 29a

Itzurun hondartza harriz beteta. (Zumaiako Udala)

Santelmoen repetizioetan egitekoak ziren lasterketak hamabost egunez atzeratu zituzten, Itzurun hondartzaren egoerak onera egingo zuela esperoan. Ez da hala izan, eta aipatu lasterketak bertan behera utzi dituzte aurtengoari dagokionez. 

San Telmo jaietako ekitaldi jendetsu eta ikusgarrienetakoak izan ohi dira repetizioetako igandean Itzurun hondartzan egiten diren zaldi lasterketak. Aurten, ordea, ezin izan da kirol jarduera hori egin repetizioen barruan, Itzurun hondartzaren egoerak behartuta. Itsasoak hondar ugari eraman du itsasbazterretik, eta hondartza harriz beteta utzi du, baita azpiko harri brankadak agerian utzi ere. 

Hasieran, hamabost egunez atzeratu zituzten aipatu lasterketak, maiatzaren 3ra arte, hondartzaren egoerak onera egingo zuela esperoan. Itzurunek, baina, antzera jarraitzen du. Itsasoak hondar pixka bat ekarri badu ere, oraindik ere brankadak agerian mantentzen dira, eta ez dira zaldi lasterketak jokatzeko baldintzak betetzen. Hori horrela, jarduera behin betikoz bertan behera uztea erabaki dute. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide