Arraun Lagunakek eta Oriok irabazi dituzte San Telmo trainerilla sariak

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 20a

Herriko festak agurtzeko, trainerillen San Telmo sariak jokatu zituzten atzo arratsaldean Urolaren itsasadarrean. Emakumeen txandan, Arraun Lagunak taldea izan zen guztietatik azkarrena, eta gizonezkoetan, berriz, Orio Arraunketa Elkartea. Eskualdeko talde guztiek parte hartu zuten atzoko estropadetan.

Herriko jai kutunei merezitako agurra emateko, San Telmo trainerilla sariak jokatu zituzten atzo arratsaldean Urolaren itsasadarrean. Hain justu, emakumezkoen XII. saria izan zen jokoan, baita gizonezkoen XLI. saria ere. Lau luze eta hiru ziaboga egin zituzten ontzi parte-hartzaileek, guztira 2.500 metro.

Emakumeen estropadek eman zioten hasiera jardunaldiari. Sei ontzi uretaratu ziren, hiru txandatan banatuta. Lehenengoan Hondarribia eta Arraun Lagunak aritu ziren, bigarrengoan Hibaika eta San Juan, eta azkenengoan, Zarautz eta Zumaia. Donostiako Arraun Lagunak taldeak aise irabazi zuen estropada, 11:21,18 denborarekin amaitu baitzuen, 10 segundoko aldea ateraz San Juani. Zumaiarrak ere fin aritu ziren atzo, eta hirugarren postuan amaitu zuten, 11:33,57 denborarekin. Zarauztarrak gertu izan ziren euren txanda irabaztetik, baina azken postuan amaitu zuten sailkapen orokorrean.

Jarraian, gizonezkoen ontziak uretaratu ziren. Guztira zortzi talde aritu ziren banderaren bila, lau txandatan banatuta; San Juan eta Zumaia lehenengoan, Orio eta Donostiarra bigarrengoan, Hondarribia eta Getaria hirugarrengoan, eta Zarautz eta Zumaia laugarrengoan. Iaz bezala aurten ere, Orio izan da azkarrena, 10:05,93 denbora eginez. Getariarrak, ordea, gertu izan ziren garaipenetik, hain justu, 10:08,79 denborarekin amaitu zuten jardunaldia. Zumaiako traineruek ez zuten zorte bera izan, eta azken bi postuetan amaitu zuten.

Sailkapenak

Emakumezkoak

  1. Arraun Lagunak: 11:21,18.
  2. San Juan: 11:30,85.
  3. Zumaia: 11:33,57.
  4. Hondarribia: 11:55,27.
  5. Hibaika: 12:00,84.
  6. Zarautz: 12:02,94.

Gizonezkoak

  1. Orio: 10:05,93.
  2. Getaria: 10:08,79.
  3. San Juan: 10:15,16.
  4. Donostiarra: 10:15,85.
  5. Zarautz: 10:23,42.
  6. Hondarribia: 10:26,32.
  7. Zumaia: 10:31,92.
  8. Zumaia: 10:34,69.

(Argazkiak: Julene Sorarrain eta utzitakoak).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide