Aste honetan greban egon diren Estaños Matienako langileei babesa adierazi diete txosnagunean

Julene Sorarrain 2026ko apirilaren 18a

Santelmoetako repetizioetako Bertsio Gauari ekin baino lehen, herritarrek babesa adierazi zieten bost eguneko greba egin duten Estaños Matiena enpresako langileei. Txosnaguneko oholtzara igo ziren langileak, hain justu, aste honetan jasotako "adiskidetasuna eta elkartasuna" eskertzera.

Zumaiako Estaños Matiena enpresako langileek bost eguneko greba egin dute astelehenetik ostirala bitartean. LAB sindikatuak zehaztu dutenez, "prebentzioan, segurtasunean eta lan osasunean dauden gabezia, hutsune eta ezbetetze larriak konpontzeko enpresaren borondate ezak" bultzatu ditu langileak greba egitera. 

Izan ere, 2025eko abuztuaren 8tik 2026ko martxoaren 31ra bitartean, hainbat lan istripu erregistratu dira Estaños Matiena enpresan. Pasa den urtarrilaren 31n izandako lan istripuak, hain zuzen, langile gazte baten heriotza eragin zuen. Egoera horren aurrean, "prebentzioa antolatzeko, segurtasunean modu ordenatuan sakontzeko eta lan osasuneko araudia behar bezala txertatzeko langileen saiakerei enpresak muzin egin" diela nabarmendu du sindikatuak. 

Hala, atzo iluntzean, santelmoetako repetizioetako Bertsio Gaua hasi baino lehen, txosnaguneko oholtza gainera igo ziren aste honetan greba egin duten langileak, eta bertan, herritarren babes osoa jaso zuten. Ondoren, enpresako langile batek hartu zuen hitza. "Zuen inplikazioa funtsezkoa izan da, ez bakarrik gure eskubideak defendatzeko, baizik eta elkarrekin ahotsa eta duintasuna ditugula erakusteko. Egun hauetan bizi izan duguna ez da lan gatazka bat soilik, adiskidetasunaren, elkartasunaren eta borroka partekatuaren adibide bat da, eta hori baloratu eta mantendu behar dugun zerbait da".  

(Bideoa: utzitakoa)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide