Garaipenarekin amaitu du Imanol Lopezek ibilbide profesionala

Juan Luis Romatet 2026ko apirilaren 13a

Zesta puntako Zumaia Master Series txapelketa irabazi du atzelari zumaiarrak, gaur iluntzean etxean jokatu duen agurreko partidan, Aitzuri pilotalekuan. Emakumeetan, Frida Watkinsek ere txapela jantzi du. Bigarren urtez jarraian lortu du atzelari gazteak bere herriko txapelketan nagusitzea.

Une hunkigarriak bizi izan dira gaur iluntzean Zumaiako Aitzuri pilotalekuan. Azken urteotan egin bezala, zesta puntako Master Series txapelketako finalak jokatu dituzte San Telmo egunarekin batera. Berezia izan da gaurko jaialdia, ordea, txapeldun handi batek bere ibilbideari agur esan diolako. Imanol Lopez atzelari zumaiarrak profesional bezalako jokatutako azken partida izan da gaurkoa. Etxean, herritarren aurrean, amaitu nahi izan du, gainera, kirolari bezala egindako ibilbide aberatsa eta garaipenez betetakoa. 

Aritz Erkiaga Ispasterreko aurrelariarekin osatu du Lopezek bikotea Zumaiako txapelketan. Finalean, Jean Olharan eta Unai Lekerikabeaskoa Lekerika izan dituzte aurkari. Pabekoa (Bearno, Frantzia) lehena, Gernikakoa bigarrena. Lehen jokoko hasieran perfekziotik hurbil jokatu dute Erkiagak eta Lopezek, eta ia ohartu gabe hamar tantoko aldearekin aurreratu dira markagailuan (10-0). Akats bat bera egin gabe, ez diete Bearnokoari eta bizkaitarrari jokatzen utzi. Ematen zuenean jokoa erabakita zegoela, erreakzioa izan dute Olharanek eta Lekerikak, eta aldea jaisten joan dira (10-4). Erkiaga eta Lopez, baina, ez zeuden ezer oparitzeko prest, eta jokoa irabazteko tanto bakarrera jarri dira (14-6). Aurkariek beste sei tanto egin dituzte, 14-12 kartoira heldu dira markagailuan, baina azken tantoa Erkiagak eta Lopezek egin dute, jokoa 15-12 emaitzarekin irabaziz. 

Berdintasuna izan da bigarren jokoaren hasieran, eta Olharan eta Lekerika jarri dira aurretik markagailuan partidako une batzuetan (6-8). Txapelketa irabazteko gogoz zeuden, ordea, Erkiaga eta Lopez eta 10-8 aurretik jarrita, ia jarraian egin dituzte jokoa irabazteko beharrezkoak ziren tantoak (15-10). Herritarrek txalo zaparrada handi batekin eskertu dute lau pilotariek egindako lana.  

Sari banaketa ekitaldia egin dute jarraian, baita omenaldia eskaini ere txapeldun handiari. Mexikoko kultura eta musikaren zale sutsua dela jakitun, mariatxien talde bat kantxaratu du eta Lopezi gogoratu diote oraindik erregea dela. Harmailak bete dituzten herritar zein bisitariak kantxara jaitsi dira Lopezi bere esker ona adieraztera eta harekin argazkiak ateratzera.

Frida Watkins ere txapeldun

Lopez ez da izan gaurkoan bere herrian garaipena erdietsi duen zumaiar bakarra. Jaialdiari hasiera eman dion partidan, emakumeen Master Serieseko finala jokatu dute Elaia Gojenolak eta Frida Watkins zumaiarrak alde batetik, eta Ihart Arakistainek eta Maialen Aldazabalek bestetik.

Hiru jokotan erabaki da emakumeen finala. Lehen jokoa Gojenolak eta Watkinsek irabazi dute, 15-9 emaitzarekin. Arakistainek eta Aldazabalek berdinketa lortu dute, jokoa 11-15 emaitzarekin irabazita. Partida erabakitzeko joko laburrean, ordea, hobeto aritu dira Gojenola eta Watkins, eta 5 eta 2 emaitzarekin irabazi dute, era horretan txapelketa bereganatuz. Bigarren urtez jarraian lortu du 17 urteko atzelari zumaiarrak bere etxeko txapelketa irabaztea.

Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide