San Juan egoitzako langileek protesta egin dute gaur eguerdian, San Telmo egunez, sektoreko beharginen baldintzak hobetu daitezela eskatzeko abiatu zuten greba mugagabearen 155. egunean. Dozenaka lagun bildu dira hitzarmen berria eskatzen zuen pankartaren atzean, eta elkarretaratzearen ostean, manifestazioa egin dute Erribera kalean barrena, festa giroan murgilduta ziren herritarren txaloek lagunduta.
Gipuzkoako erresidentzietako gatazkari irtenbidea emateko asmoz, ELAk proposamen bat aurkeztu zien patronalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari, eta bertan jasotzen dira, besteak beste, langileen soldata igoerak, 60 urtetik gora dituzten beharginen lanaldiak %25era jaistea –kotizazioa 100%ean mantenduta–, zerbitzuaren euskalduntzea eta plantilla osoa lanaldi osora igarotzea. Izan ere, ELAk zehaztu duenez, prekarietate egoera gordinean egiten dute lan Gipuzkoako erresidentzietako langileek: plantillaren ia erdiak kontratu partzialak ditu, eta langileek urtean 10.000 eurotik gorako soldata arrakala pairatzen dute.
ELAren proposamenaren inguruko erantzuna eman beharko luke patronalak hilaren 23rako deitutako bileran, baina esperantza gutxi dituztela aitortu du elkarretaratzean zegoen Maider Bollain San Juan egoitzako langileak. "Martxoaren 27an egin genuen azken bilera, [greba hasi eta] lau hilabete eta gero, eta eskaini ziguten bakarra KPIaren igoera izan zen. Guk hori baino gehiago behar dugu, horregatik egin genuen proposamen berria", azaldu du.
Greba luze doala aitortu du Bollainek, eta patronalaren zein Aldundiaren jarrerak ez duela laguntzen. Hala ere, borrokan segituko dutela ziurtatu du: "Greba ez badugu egiten, hau ez da konponduko".
"Erakundeen utzikeria"
Bestalde, egoitzetako langileen baldintzak hobetu eta sektoreko hitzarmen kolektiboa berritu dezala galdegin dio EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari ohar baten bidez. Maddalen Iriarte koalizio abertzalearen Gipuzkoako bozeramaileak deitoratu duenez, "ez da onargarria sektorean dagoen prekarietatea erakundeen utzikeriagatik luzatzea". Nabarmendu du erresidentzietako langileen ia erdiek lanaldi partziala dutela, soldata arrakala handia dela sektorean, eta lan karga gehiegizkoa. "Gaur egun zaintzaile batek 92 minutu besterik ezin dizkio eskaini egoiliar bakoitzari", zehaztu du Iriartek.
Hori dela eta, lan hitzarmenaren negoziazioan parte har dezala eskatuko dio EH Bilduk Aldundiari asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta bertan izango da erresidentzietako langileen ordezkaritza bat ere, Bollainek jakinarazi duenez.