Datorren astean San Telmo jaietan murgilduko da Zumaia, eta Lurraldebusek jakitera eman duenez, festetara joan-etorriak egiteko zerbitzua indartuko du. Hain justu, Debatik Zumaiara eta Zumaiatik Debara indartuko du zerbitzua, apirilaren 11tik 12ra eta 18tik 18ra bitarteko goizaldeetan.
Hala, autobus horiek 01:00etan, 03:00etan, 05:00etan eta 06:00etan irtengo dira Zumaiatik, 01:15ean, 03:15ean, 05:15ean eta 06:15ean igaroko dira Itziartik, eta 01:25ean, 03:25ean, 05:25ean eta 06:25ean iritsiko dira Debara. Debatik, berriz, 01:30ean, 03:30ean, 05:30ean eta 06:30ean irtengo dira.
Horrez aparte, Lurraldebusek argitu du Zumaia eta Donostia lotzen dituen UK49 linea indartuko duela, "zerbitzuaren beharren arabera".
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzako (GGLA) presidente Azahara Dominguezen esanetan, zerbitzua indartzearen helburua da "jendeak jaiez ahalik eta modu jasangarrienean, erosoenean eta seguruenean gozatzea". Halaber, azpimarratu du garrantzitsua dela "udalerri txikiek kalitatezko garraio publikoko zerbitzua izatea, desberdintasunak murriztea eta biztanleen bizi-kalitatea hobetzea ahalbidetzen baitu".
Ildo beretik, Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak ondorengoa esan du: "Bidaiarien eta langileen segurtasuna bermatzeko balioko du zerbitzua indartzeak, batetik. Hala, jende pilaketak saihestu, eta autobusaren itxaronaldian eta bidaian giro segurua eta lasaia ziurtatu nahi da. Jaiez gozatzera datozenentzat, bestetik, autobus zerbitzu eroso, seguru eta irisgarria bermatuko da, ibilgailu pribatua etxean uztea errazteaz gain".
Ordutegiak Lurraldebusen webgunean edo erabiltzaileari arreta emateko 900 300 340 telefonoan kontsulta daitezke.