Korrikak jendetzak mugitzen ditu, baina gutxitan ikusi da Zumaian gaurkoa bezalako jende andana. Zaila da kalkulatzea zenbat zumaiarrek egin duten bat euskararen aldeko martxarekin, baina burua Zubitxikira heldu denerako, azken korrikalariak oraindik ere Estazioko biribilgunera heltzeko zeuden.
Oriotik sartu da 24. Korrika Urola Kosta eskualdean. Gaurkoan kostaldeko herriak bakarrik bisitatu ditu; barrualdekoak larunbaterako utzi ditu. Aurten, gainera, egun argiz heldu da Korrika, eta horrek orandik eta jende gehiago atera ditu kaleetara. Orio, Zarautz eta Getaria zeharkatu eta gero, kostako errepidean barrena jarraitu du taldeak Zumaiara bidean. Getariako eragileek Izustarri parean pasa diote lekukoa Zumaiakoei, eta han hasi da jendea pilatzen. Banaka, binaka, taldean, petoekin batzuk, besteak hura gabe, denek ere euskara bere sentitzen dutela aldarrikatu dute taldean korrika eginez.
Eguerditik aurrera izandako eguraldi goibelak eta euriak ez du asko lagundu herriguneko giroa berotzen, baina martxa Zumaiara heltzen ari zen heinean hasi dira zumaiarrak kalera ateratzen. Askok eta askok bat egin dute saltaka saioarekin; beste hainbestek espaloietatik edo bidertzetatik jarraitu dute ekimena.
Etxezarreta kaletik barrena, Korrika moilan sartu da, eta Euskaltegi paretik igaro ondoren, Amaiako plaza erditik Erribera kalera zuzendu da. Aurretik Etxezarreta kalean bezala, kalea alderik aldera bete dute herritarrek, baita beste herrietatik etorrita ere oraindik kilometro batzuk gehiago egin nahi izan duten euskalzaleek. Korrikak Axulartik jarraitu du Narrondora bidean. Han pasa diote lekukoa Oikiako eragileek Arroabekoei, eta Itziarko bidean utzi du Korrikak eskualdea.