M-17 greba orokorra

Eskerrik asko, Zumaia, klase elkartasunera batzeagatik

Zumaiako Greba Batzordea 2026ko martxoaren 25a

Martxoaren 17ko greba eguneko manifestazioa Zumaian. (Intza Trula)

Euskal Herriko gehiengo sindikalak martxoaren 17an deitutako greba orokorrean parte hartu zuten herritarrei eskerrak emateko mezua zabaldu Zumaiako Greba Batzordeak.

Astebete da gaur Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokor arrakastatsua egin zenetik. Greba orokorrak jarraipen zabala izan zuen Zumaian, goizetik gaueraino, eta horrek erakusten digu zenbateraino errotuta dagoen gure herrian klase elkartasuna.

Greba honen arrazoiak hasieratik bere egin ditu Zumaiako langileriak, eta patronalak, EAJk eta PSEk egin dutenaren kontrara, ozen aldarrikatu du justiziazkoa dela hemen gure lan eta bizi baldintzak erabakitzea, batetik, eta ez dela bidezkoa gutxi batzuen prekarietatearen eta pobretzearen kontura beste batzuek etekinak pilatzea, bestetik. Eskerrik asko, Zumaia, klase elkartasun ariketa erraldoi honengatik.

Mezu hori ondo ulertu dute herriko merkatariek eta ostalariek ere. Hasieratik harrera ona egin diote greba deialdiari, establezimenduz establezimendu informazioa banatzen aritu ginenean, eta, jakinik ere greba egitea esfortzu berezia dela haientzat, askok eta askok erabaki dute egun horretan "itxita" kartela eskegi, greba egin eta mobilizatzea. Lantegietan langileekin egingo dugun moduan, zuei ere bihotzez eskertu nahi dizuegu zuen inplikazioa eta elkartasuna.

Eskerrak ematearekin batera, deia luzatu nahi diogu zumaiar orori langileon prekarietatea bultzatzen duten saltoki handiak alboratu eta Zumaiako tokiko merkataritza eta ostalaritza babestu ditzan, herrian kontsumitu dezan eta denon artean herri bizi eta bizigarri bat eraiki dezagun.

Jarrai dezagun lan eta bizi baldintza duinen alde borrokan, Zumaiatik bertatik hasita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide