Dena prest larunbatean jokatuko duten Zumaiako 41. Herri Lasterketarako

Aritz Mutiozabal 2026ko martxoaren 3a

Korrikalari andana iazko herri lasterketan.

Ohi bezala, bi proba izango dira aukeran Zumaiako 41. Herri Lasterketan: 5,6 kilometroko lasterketa laburra eta 10,2 kilometroko lasterketa nagusia. Bi probak 17:00etan hasiko dira.

Zumaiako 41. Herri Lasterketa jokatuko dute larunbat arratsaldean, eta gaur, asteartea, da izena emateko azken eguna; esteka honetan egin daiteke. Parte hartzaileek, ohi bezala, bi proba izango dituzte aukeran: 5,6 kilometroko lasterketa laburra eta 10,2 kilometroko lasterketa nagusia. Urteroko moduan, Eusebio Gurrutxaga plazan kokatuko dituzte probaren irteera eta helmuga guneak, eta aipatu bi probak 17:00etan hasiko dira.

Inzkripzio epea gaur bukatuko denez, oraindik orain zehaztu gabe dago zenbat lagunek eman duten izena. Parte hartzaileek proba egunean jaso beharko dute dortsal-txipa, ondorengo tokietan: itsas kiroldegian, 10:00etatik 12:30era, edo Torreberri eraikinean, 14:30etik 16:30era. Era berean, kontsigna zerbitzua izango dute Torreberrin bertan, 14:30etik 16:30era, eta lasterketa amaitutakoan, dutxa zerbitzua Itsas kiroldegian, 17:30etik 19:00etara.

Helduen lasterketen aurretik, baina, eskola kiroleko haur eta gaztetxoen probak jokatuko dituzte. Kimuen kategoriako korrikalariekin ekingo diote arratsaldeari, eta hauek 1.050 metroko ibilbidea egingo dute, 15:45etik aurrera. Ondoren, infantil eta kadete mailakoen txanda izango da, 2.100 metroko probarekin; infantilak 16:00etan abiatuko dira, eta kadeteak hamar minutu geroagoa, 16:10ean. Denak ere Eusebio Gurrutxaga plazatik abiatuko dira. Azkenik, benjamin eta aurrebenjamin mailakoak ariko dira saltaka, eta 250 metro egingo dituzte Saregile plazatik aterata; 16:30ean benjaminak irtengo dira eta 16:35ean aurrebenjaminak.

Haur eta gaztetxoen kategoriako sari banaketa 16:40etik aurrera egingo dute, eta helduena, berriz, 18:15ean. Kategoria guztietan, lehen hiru sailkatuetzat eta zumaiar onenarentzat egongo da saria; lasterketa laburrean gazte eta kadete onenaren sariak emango dituzte eta lasterketa nagusian beterano onenaren saria ere emango dute. Iaz Oihana Kortazar mutrikuarra eta Ismail Chkhicheckh bilbotarra izan ziren herri lasterketako garaile, eta proba laburren Xabier Labaka bergararrak eta Eneritz Iraola bidania-goiaztarrak irabazi zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide