Azken urteetan bezala, musikak eta dantzak lagunduta hasi ziren atzo inauteriak Zumaian. Lau urtaroak izan da mozorroaren festa abiatzen duen ekitaldiari jarri dioten gaia, eta Musika eta Dantza Eskolako kideen eskutik, dozenaka lagun kalejiran abiatu ziren Komentutik. Alde Zaharreko kaleak gurutzatu ostean, beheko plazarako bidea hartu zuten.
Azken hilabeteetan ikasitakoa jendaurrean erakusteko aukera izan zuten han Musika eta Dantza Eskolako ikasleek, urteroko jaialdia prestatzeko ikastaroak eta tailerrak egin baitituzte gurasoek, irakasleek zein ikasleek. Inauterietako jaialdia ikustera batu zen jendetzaren aurrean, Beheko plazan, dantza bana eskaini zieten protagonistek urtaroetako bakoitzari. Udatiarrek eguzkitako betaurrekoak jantzi zituzten, udazkenekoek orbela, negukoek beroki potoloak eta udaberrikoek lore koloretsuak.
Inauterietako festak hasi berri dira Zumaian, eta egitarau zabalaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek datozen egunetan. Hona hemen egitaraua, osorik:
Inauteriak Zumaian
Gaur, ostirala
Eguerdian eta arratsaldean, herriko ikastetxeen kalejirak.
Otsailak 14, larunbata
12:00. Eusebio Gurrutxaga plaza, Astindu dantza elkartearen dantza kalejira.
12:00-14:00. Kofradiako plazan hasita, familian Zumai txaranga salto eta dantza! herriko kaleetan zehar.
17:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, inauterietako mozorro festa.
18:00. Eusebio Gurrutxaga plazan, haurren mozorro lehiaketa.
18:30. Herriko kaleetan zehar, kalejira Hamarru elektrotxarangarekin.
18:30-21:00. Oxford aretoan, argazki txokoa.
22:00. Kofradiako plazan, diskoteka.
Otsailak 15, igandea
12:00-15:00. Aitzuritik hasita, Beti Jai Fanfarrearen kalejira herriko kaleetan zehar.
17:00. Aita Mari aretoann, zine emanaldia: Los exploradores.
Mozorro lehiaketak
Haurren lehiaketa
18:00etan Eusebio Gurrutxaga plazan.
- Hiru sari: banaka/bikote onena, taldeka 1-8 urte, taldeka 9-16 urte
- Izen-ematea 17:00etan, plazan bertan.
- Lehiaketarako musika berezi bat eskatu nahi bada, izen-ematean ekarri beharko da.
Heldu eta gazteen lehiaketa (16+ urte).
18:30-21:00. Argazki Txokoan.
- Herritarren sariak (banakakoa edo bikotea 80 euro eta taldea 200 euro, Gertu elkartearen eskutik).
Otsailak 16, astelehena
15:00 eta 17:30. Zumaiena aretoan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore pailazoen ikuskizuna: Zerua lapurtu digute.
17:00-19:30. Ludotekan, inauterietako festa LH4-6 bitarteko haurrentzat.