Inauteriak 2026

Karrozarekin edo gabe, inauterietan giroa jartzen

Juan Luis Romatet 2026ko otsailaren 10a

Duela 30 bat urte mozorrotu ziren aurrenekoz Zumaiako Buitraker kuadrillako kideak. Azken urteotan, festarako propio egindako karrozekin atera dira kalera.

Badira inauteriak bereziki bizitzen dituzten norbanakoak, taldeak eta kuadrillak; dendan erositako mozorroa janztearekin konforme ez, eta zerbait berezia, errepikaezina eta koloretsua prestatzeko ardura hartzen dutenak. Zumaian ere badira inauterietan modu bitxian mozorrotzen diren taldeak, eta horietako bat da Buitraker kuadrilla. Aurreko urteetan bezala, aurten ere mozorro festarako espresuki prestatutako muntaketarakin aterako dira kalera. Ez litzateke harritzekoa izango mozorro lehiaketa irabazteko hautagai nagusienetako bat izatea.

Duela hiru bat hamarkada atera ziren lehendabizikoz talde moduan mozorrotuta. Hala du gogoan Aitor Aizpitartek, Buitraker kuadrillako kideak. "Orduan bikotekiderik ez genuen, eta ijitoz –asto eta guzti– edota ikaslez jantzita atera ginen kalera. Behin, arabiarrez ere jantzi ginen. Azpeitiko inauterietara ere joan ginen urte batean, taldean mozorrotuta, gaueko autobusean. Lagun bat bizkar gainean eraman genuen, eta han aritu zen azpeitiarrei goitik dirua botatzen", dio barre artean. "Ume mordo bat pilatu zitzaigun inguruan, eta mozorro lehiaketan ere parte hartu genuen, gauerdian, kioskoan". 

Bolada batean geldirik egon zirela gogoratu du Aizpitartek. "Geldirik edo norbera bere kabuz mozorrotuz igaro genuen bolada bat", gaineratu du Amaia Gorriti kuadrillako kideak. Tunaz mozorrotu zirenean berreskuratu zuten taldean ateratzeko gogoa. "Duela hamabi bat urte izan zen, eta jende piloa bildu ginen orduan", oroitu du Aizpitartek. Mozorro harekin ateratzeko entseguak ere egin zituztela du gogoan, abestiak ikasteko. "Kuadrillako kide bat balkoietara igotzen zen, eta haren azpian kantatzen genuen", kontatu du Gorritik. "Oso eguraldi txarra egin zuen; arratsaldean ez hainbeste, baina gauean bai. Askotan esaten dugu mozorro hura berreskuratu beharko genukeela", azaldu du Aizpitartek. Zezenketak ere irudikatu zituzten urte batean, zezen plaza eramangarriarekin.

Bigarren txanda horretan kuadrillakoen bikotekideak ere hasi ziren taldearen mozorroetan parte hartzen, baita taldekideen seme-alabak ere. Mozorro landuekin nahikoa ez, eta denborarekin karrozak prestatzen ere hasi ziren. "Lehen karroza, autobusa, turistaz jantzi ginenekoa izango zen, eta hura egiten kuadrillako hamar lagun aritu ginen. Orain esan daiteke pertsona bakarrak egiten duela", azpimarratu du Aizpitartek. "Gero, dekoratzera joaten gara gu", jarraitu du.

Joxe Mari Korta industrialdeko lokal batean egiten dituzte karrozak, eta inauterietako larunbataren bezperan, gau partean, Zumaiara ekartzen dituzte, taldekide batek Estazioan duen lokalera. Azken urteetan, turistaz, Oktober Festez edo 70eko hamarkadako diskotekaz mozorrotu izan dira, karroza eta guzti. Aurten ere karroza aterako dutela diote Buitrakerreko lagunek, nahiz eta zertaz mozorrotuko diren ez duten aurreratu nahi. Festaz gozatu eta gero, egunaren amaieran, Udaltzaingoaren edo Ertzaintzaren laguntzarekin erretiratuko dute karroza, errepidean barrena, Estaziora. "Askotan pentsatu izan dugu lan handia hartzen dugula ordu gutxi batzuetarako, eta karrozarekin Tolosako inauterietara joatea ere otu izan zaigu", adierazi du Aizpitartek.

Denborarekin, seme-alabak handitzen joan dira, eta gurasoekin inauterietan ateratzeari utzi diote. Buitrakerreko betiko kuadrillak, baina, mozorrotuta kalera ateratzen jarraitzen du. "Egia da talde batzuk ez direla inauterien oso zaleak, baina gero asko ateratzen dira mozorrotuta kalera", dio Itxaso Urruzunok. Aurten, karrozarekin, berriro ibiliko dira kalez kale, inauterietan giroa jartzen. "Zergatik egiten dugun lan hori guztia? Bada, asko gustatzen zaigulako", esan du Urruzunok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide