Hezkuntza publikoko komunitatearen eskakizunak aintzat hartzeko eskatu dio udalak Jaurlaritzari

Maria Maya Manterola 2026ko otsailaren 3a

Arrangoletako haur eskola. (Juan Luis Romatet)

Zumaiako hezkuntza publikoko komunitateak aurkeztutako mozioa aztertu eta bozkatu zuten pasa den ostegunean egindako urtarrileko ohiko udalbatzarrean. Hezkuntza publikoko eskaintza berritzea eta berrantolatzea eskatzen diote Hezkuntza Sailari. 

Hezkuntza publikoko komunitateak aurkeztutako mozioa aztertu zuten pasa den ostegunean egindako urtarrileko ohiko udalbatzarrean. 0-18 adin tarteko hezkuntza publikoko eskaintza eremu berean antolatzea eskatu dute, besteak beste. Proposamena Zumaiako Udalean ordezkatuta dauden hiru alderdien aldeko botoekin onartu zen.

Aspalditik dator 0 eta 18 urte arteko hezkuntza publikoko eskaintza berritu eta berrantolatzeko beharra. Egoera azaltzeko, txosten bat ondu du ikastetxe publikoen bueltako hezkuntza komunitateak, eta hasteko, azaldu du zazpi eraikinetan banatuta dagoela herrian 0 eta 18 urte arteko hezkuntza publikoaren eskaintza. Horietatik sei eremu bertsuan daude, Aita Mari auzategian, eta bat, Arrangoletakoa, besteengandik oso urrun, komunitateak nabarmendu duenez, "horrek guztiak eragiten dituen antolaketa arazo eta jarraikortasun faltarekin".

Egun, bi haur eskola publiko daude herrian, norbere matrikulazioarekin. Arrangoletakoa duela ia 20 urte zabaldu zuten, behin behineko moduloetan, eta, txostenak jasotzen duen bezala, "baldintza desegokietan". Hura berritzeak "inbertsio handia" eskatzen duela ere aipatu dute Hezkuntza Sailera igorriko duten dokumentuan. Bi haur eskola publikoen artean, bost unitate daude, eta iazko udaberriko momentu batean plaza guztiak bete zirela ere nabarmendu dute, "haur eskolen doakotasunak eskariaren gorakada handiak ekarrita". Aurten ere plaza guztiak betetzearen kezka adierazi dute. Horregatik, Aita Mariko zein Arrangoletako haur eskolak eraikin bakarrean biltzeaz gain, seigarren unitate bat sortu eta plaza kopurua handitzeko premia nabarmentzen ditu txostenak. 

Hori dela eta, txostenak azaltzen du Aita Mariko eraikinaren barruan haur eskola bakar bat izatea litzatekeela onena. Modu horretan, ikasle kopurua bermatu eta hala nahi duten zumaiar guztiek hezkuntza publikoan sarbidea izango luketela uste dute, hezkuntza publikoa eremu berean antolatuta egoteaz gain. Zuzendaritza, irakasle gela eta administrazio eremua berritzea ere beharrezkotzat jo dute, eta baita Aita Mariko beheko eta bigarren solairuak eraberritzea ere, eraikina "oso zaharra" dela argudiatuta. 

Premia asko, eta askotarikoak

Hezkuntza publikoari lotutako premiak asko, askotarikoak eta aspaldikoak direla gaineratu dute txostenean, eta urteak igarota, horiek areagotu besterik ez dira egin, beren ustez. Hala, udala, Herri Eskola eta, oro har, hezkuntza publikoaren komunitatea konponbideak jartzeko urratsak ematen hasi zirela urteak dira. Orain arte emandako pausoak azaldu dituzte. 

Sukalde berria egiteko eskaerarena da bata. Aita Mari eraikinaren barruan ezartzeko eskaera egin zuten guraso elkartearen ekimenez, bertan kozinatu eta haurrak bertako produktuekin elikatu ahal izateko. Hezkuntza Sailak begi onez ikusi zuen sukaldea Herri Eskolaren barruan eraikitzea. 2019ko abenduan egin zuten eskaera, hain zuzen. 

Aurrez aipatu bezala, hezkuntza publikoaren eskaintza guztia eremu bertsuan eskaini ahal izatea zen haur eskola berria lekuz aldatzeko arrazoi nagusia. Horren inguruko eskaera Haurreskolen Partzuergora bidali zuten 2020ko martxoan, baina gero ohartu ziren haur eskola ezartzeko aukeratutako lokalak ez zituela betetzen horretarako baldintzak, eta ideia hura baztertu egin zuten.

Eskaera batzuk besteekin uztartzen zirela ikusita, Aita Mari eraikinean sukalde berria, haur eskolako hiru unitate, Haur Hezkuntzako hiru gela, zuzendaritza eta administrazioa txertatzeko planteamendua egin zuen orduan udalak. Hala, eremu berean kokatutako bost eraikinetan bilduta geratuko litzateke herri eskola publikoa. Bi haur eskolekin, Herri Eskolarekin eta guraso elkartearekin lanean hasi zen udala orduan. Haurreskolen Partzuergoak proposamenaren alde egin zuela azaldu dute, eta Hezkuntza Sailak lanketa bat egiteko oniritzia eman zuela ere bai; aurrelan batzuk egin behar zituela jakinarazi zion udalari: aurreproiektua idaztea eta xehetasun azterketa egitea, hain zuzen. 

Txostenean azaldu dute, ordea, 2024an egindako planteamendua jada ez dela baliagarria, "Hezkuntza Sailak atzera egin duelako, arrazoien azalpen argirik eman gabe". Bitartean, "egoera okertzen" joan dela salatu du herriko ikastetxeko publikoko komunitateak, "bereziki haur eskolen eskariaren hazkundearen ondorioz, eta eraikinen baldintzek okerrera egin dutelako".

Baldintza duinak

Egoera horren aurrean, hezkuntza publikoko komunitateak iritzi dio beharrezkoa dela Zumaian sei unitate izango dituen haur eskola publiko bakar bat izatea, eta 0 eta 18 urte arteko hezkuntza publikoa eremu berean antolatzea, "haur guztiek baldintza duinetan hezkuntza publikoan sartzeko duten eskubidea bermatzeko".

Bilkurara eramandako proposamenak EH Bilduren (10), EAJren (6) eta PSE-EEren (1) zinegotzien aldeko botoa jaso zuen, eta Hezkuntza Sailera igorriko duten txostenari atxikimendua adierazi zioten. Mozioak eskatzen dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari arrazoitu dezale zergatik baztertu zuen hasieran onartutako proiektua; irtenbide egonkor bat lehenbailehen proposatzea ere erreklamatu dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide