Lau urtaroen inguruko ikuskizuna egingo du Musika Eskolak inauterietan

Juan Luis Romatet 2026ko urtarrilaren 24a

Musika eta Dantza Eskolako, Musika Bandako eta udaleko ordezkariak, jaialdiko aurkezpenean. (Juan Luis Romatet)

Otsailaren 12an egingo dute kalejira eta ikuskizuna. Haiek prestatzeko ikastaroak, tailerrak eta entseguak antolatu dituzte. 

Azken urteetan egin duen bezala, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak emango die hasiera Zumaiako inauteriei. Oraingoan, baina, aurrekoetan ez bezala –ostiraletan egin izan dute jaialdia orain arte–, aurtengo ikuskizuna ostegunean izango da, otsailaren 12an, arratsaldean. Inauteri hauetako kalejira eta jaialdirako gaia, berriz, Lau urtaroak izango da.

Ikuskizuna hilaren 12an egingo badute ere, inauterien inguruko lanketa hilabete osoan ari direla ere nabarmendu dute antolatzaileek. Azpimarratu dutenez, "garrantzia ez dauka egun berak soilik, prozesuak baizik. Ilusio handiarekin bizitzen dituzte ikasleek inauteriak".

Taldea aipatu egunean bilduko da Komentuan, Musika eta Dantza Eskolaren egoitzan, eta handik Sanjuaniturriraka egingo dute. Angeles Sorazutik Erriberara jaitsiko dira, eta Beheko plazarako bidea hartuko dute, han egingo baitute ikuskizuna. 

Ikuskizuna prestatzeko tailerrak, ikastaroak eta entseguak prestatu dituzte. Hala, Musika tailerrean ate irekiak egingo dituzte gurasoekin, astelehenetik aurrera. Jardunaldi horiek badituzte beraien helburuak, eta dira jai horietarako girotze, ikasleen motibazioa sustatzea, eta inauterietan gurasoen parte hartzea bultzatzea. 

Guraso, irakasle eta ikasle helduei zuzendutako dantza ikastaroak ere prestatu dituzte. Otsailaren 3an, astearte, 19:30etik 20:30era bitartean izango da, eta astebete geroago, hilaren 10ean, 17:00etatik 18:00etara. Komentuan eigngo dituzte saioak, hirugarren solairuan, Musika Bandaren gelan.

Kalejirako entseguak, bere aldetik, otsailaren 9an eta 10ean egingo dituzte, bietan ere 17:30etikk 18:00etara.

Jantziak prestatzeko tailerrak ere antolatu dituzte, ikasle, guraso edota kalejrian parte hartu nahi dutenei zuzenduta. Hiru egunetan emango dute, otsailaren 9,10 eta 11n, denetan ere 18:00etatik 19:00etara.

Zozketa

Jaialdiari hasiera Iñaki Ostolaza alkateak eta zozketaren bidez aukeratutako bi ikaslek emango diote. Antolatzaileek azaldu dutenez, pista desberdinak jarri dituzte eskolako sarreran, gaia zein izan zitekeen asmatzeko. Asmatzaileen artean zozketa egingo dute, eta haiek emango diote hasiera jaialdiari.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide