Herritarrentzat erabilgarri da Itzurunbidea eta Larretxo auzunea lotzen dituen igogailua. Gaur goizean egin dute irekiera, eta eraikuntza lanetan aritu diren teknikariez gain, bertan izan dira Iñaki Ostolaza alkatea eta Argi Yeregi Hirigintza zinegotzia ere. Larretxoko bizilagunekin batera estreinatu dute igogailua. Inguruan irisgarritasuna hobetzeko beste zenbait lan ere ari dira egiten, eta horiek amaitzearen faltan, dagoeneko erabilgarri da igogailua.
Itzurunbidea, erdialdeko belargunea eta Larretxoko goialdeko pasabidea lotzen ditu igogailuak. Zumaiako Udalak, guztira, 671.298 euroko inbertsioa egin du, eta igogailuaz gain, beste zenbait lan egin ditu haren bueltan: geldialdien ingurua txukundu du, erabilera erosoa eta segurua bermatzeko; Larretxoko bidegurutzean irisgarritasuna eta mugikortasuna hobetzeko esku hartzeak egin ditu; eta zenbait bide asfaltatu ditu.
Auzoan egin dituzten lan horiekin guztiekin, bizilagunak etxebizitzetatik igogailura "modu seguru, eroso eta irisgarrian" iritsi ahal izatea izan da helburua. Horretarako, aparkaleku batzuk kendu dituzte. Larretxon aplikatzekoak diren neurri horiek auzotarrek beraiek egindako eskaerei erantzunez gauzatu zituzten, Irisgarritasun Planarekin bat eginez.
122 etxeri zerbitzua
Azpiegitura soil bat izatetik urrun, "Larretxoko errealitate demografikoari erantzuten dion esku hartze estrategikoa" da proiektua, Yeregiren hitzetan. Zenbait datu eman ditu hori azaltzeko: batetik, nabarmendu zuen biztanleen herenak 60 urte baino gehiago dituela; % 25ak, 65 urte baino gehiago; eta %10ak, 75 urtetik gora. Alde Zaharra, Jadarre eta Larretxo bera dira altueran dauden hiru Zumaiako auzoak, eta horien artean, azken hau da zahartze indizerik altuena duen gunea, Hirigintza zinegotziak aipatu duenez. Yeregiren arabera, horrek bereziki beharrezko bihurtzen ditu auzo horretan irisgarritasuna hobetzeko neurriak.
Yeregik igogailuaren irekieran azaldu duenez, Larretxoko 122 etxebizitzetako bizilagunen irisgarritasunean eragingo du igogailuaren zabalpenak. Izan ere, jakinarazi dute Irisgarritasun Legea guztiz beteko dela kasu horietan, eta gainerako etxebizitzetan bizi diren auzotarrek ere "hobekuntza nabarmena" nabarituko dutela eguneroko joan-etorrietan.
Pakita Mendiola Balenziaga izan da igogailua estreinatu duen bizilagunetako bat. Lehen igoera egin berritan, Gukari aitortu dio gogotsu zirela igogailua erabiltzeko, eta "bazela ordua": "Aldapa luzea egiten zait, eta urte asko dauzkat, gainera". Auzoko puntu altuenetariko batean bizi da Mendiola, "goiko partean", eta igogailua "egunero" erabiliko duela aipatu du. "Lehen bestea erabiltzen nuen, San Telmo kalekoa, Eroskira-eta joateako. Aldea nabarituko dut, belaunak izorratuta ditudalako, eta eskilara mordoa dagoelako etxeraino", azaldu du bizilagunak. Dena den, Mendiolak aitortu du "lehen ere ez zela etxean sartzen": "Egunero bostak jotzen dituenerako atera beharra izaten dut, eta 19:30ak arte joaten gara Errotara, eta jokoan aritzen gara Luisa Mari, Margari, Maria Jesus eta laurok".
Bestelako esku hartzeak
Larretxo auzuneko irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko epe ertainean bestelako esku hartzeak aurreikusten direla ere iragarri du udalak, igogailua martxan jartzearekin batera. Aldapak hobetzea, arrapalen malda murriztea, espaloiak zabaltzea edota hiri altzariak egokitzea aipatu dituzte, besteak beste.
Aurrez ere beste zenbait lan egina da udala Larretxo auzunearen inguruan: Larretxo eta San Telmo kaleko igogailua, esaterako. 2022ko abuztuan jarri zuten martxan hura.