Balenciagako langileak ez daude prest Abu Dhabi Ports taldeak eskaini dizkien lan baldintzak onartzeko. Gukak jakin ahal izan duenez, ontziolako Langileen Batzordeak inbertsio taldearen ordezkaritzarekin bilera izan zuen duela bi aste Madrilen, eta han, Arabiar Emirerri Batuetako taldeak soldaten jaitsiera eta kaleratzeren bat aurreikusten duen proposamena jarri zien langileei mahai gainean. Langileak ez daude hori onartzeko prest, eta bere garaian epailearen aurrean sinatutako lan baldintzei eutsi nahi diete; orduan, lan baldintzei eutsiko ziela eta ontziolak lan karga izango zuela agindu zien inbertsio taldeak langileei.
Ontziolaren salerosketa gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa da Langileen Batzordearen oniritzia, eta ez dago lan baldintzen okertzea onartzeko prest; hiru urtean soldatak izoztuta izateko prest leudeke langileak, baina gehiagorik ez. Beraz, inbertsio taldeak zer esango zain daude orain langileak.
Igande arratsaldean onartu zuen epaileak Abu Dhabi Ports taldeak Balenciaga bereganatzeko akordioaren protokoloa. Operazioa gauzatu ahal izateko, baina, ezinbesteko baldintza da Langileen Batzordearen oniritzia, eta atzo arratsaldean bildu zen akordioa aztertzeko. Arabiar Emirerri Batuetako taldea 11,2 milioi euro jartzeko prest dago ontziola berriro ere martxan jartzeko. Itsas garraioaren arloan, munduko talderik handienetakoa da Abu Dhabi Ports. Talde horrek eta Ameriketako Estatu Batuetako Premiere Marinek osatutako Safeen Drydock taldea izango litzateke Zumaiako ontziola bereganatuko lukeena.