Emanaldi oso bat Zumaiari eskaintzeko gogoz etorri zen Lucia Lakarra etxera, haren lehen plaza publikoa izan zen Zumaiena ikastolako aretora. Matthew Golding bikotekidearekin Fordlandia ikuskizuna eskaini zuen atzo–larunbata–, 650 bat lagunen aurrean. Emanaldia 20:00etan hasten bazen ere, 19:00etarako ilaran jarrita zegoen jendea, bere herriko dantzari handia ikusteko zain-zain. Haur, gazte, heldu; denetarik.
Lakarrak ilusioa zeukan herrian dantza egiteko, eta jendeak ere bai halako dantzari handi bat herrian ikusteko. Zabaldu zen teloia, hasi zen musika, hasi zen ikuskizuna. Eta hortik aurrerakoa, dena artea, dena gozamena.
Ikus-entzunezkoak, musika eta dantza uztartzen ditu emanaldiak. "Banatu behar diren bi pertsonaren istorioa kontatzen du" lanak, Lakarrak berak adierazi zuenez, baina horrek baino indar handiagoa hartzen du bi pertsona horiek elkarrekin egoteko duten gogoak. Pasioak.
Eta zein garrantzitsuak diren lekuak. Ageri da itsasoa, ageri da basoa. Eta nola ez, Zumaia: flyscha, Itzurun, olatuak, marea.
Batzuetan gerturatzea. Korapilatzea. Bat egitea. Musu bat kopetan ematea, babesa adieraztea.
Baina besteetan urruntzea. Banatzea. Askatzea. Elkarrengandik aldentzea.
Eta faltan sumatzea. Elkar bilatzea, topatzea. Eta azkenean, aurkitzea. Elkarrekin hegan egitea. Musu ematea. Ekaitzak beti ekartzen duela barea jakitea.
Bizitza horixe baita, funtsean: elkarrekin dantza egitea.
Eskua bihotzean
Emanaldia amaitzean, txalo zaparrada luze-luzea jaso zuen Lakarrak, eta hunkituta agertu zen zumaiarra bere herriaren aurrean. Askotan agurtu zituen ikusleak, eskua bihotzean jarrita, sentitzen zuen maitasunaren adierazle. Eta zer maitasun adierazle hoberik: oholtzara agertu zen alabak lore bat oparitu zion. Besarkada luze-luzea eman zioten elkarri, eta halaxe, bihotza beteta agurtu zuten agertokia Lakarrak, haren alabak eta Goldingek.
Haiek bihotza beteta joango ziren etxera, baina baita ikusleak ere. Dantzaren bidez oholtzaratutako maitasun erakustaldiaren txinparta gogo-bihotzean gordeta.