Lucia Lakarra: "Benetan dut gogoa ordubeteko lan oso bat Zumaiari eskaintzeko"

Juan Luis Romatet 2025eko azaroaren 27a

Lucia Lakarra, artxiboko irudian. (Arnaitz Rubio Aprea)

Dantza, filmak eta musika uztartzen dituen Fordlandia ikuskizuna aurkeztuko dute Lakarrak (Zumaia, 1975) eta Matthew Goldingek, larunbatean, Zumaiena ikastolako aretoan (20:00). Sarrerak ahituta daude.

Fordlandia lanarekin egongo zara larunbatean Zumaian. Zer suposatzen du zuretzat ikuskizuna jaioterrian aurkezteak? 

Benetan, ilusio handia egiten dit Zumaian gure lehen lana, Fordlandia, aurkezteak. Esan bezala, gure lehen lana izan da, eta lotura emozional oso handia daukagu harekin. Gainera, Zumaia bertatik sortu genuen, pandemia garaian. Matt [Matthew Golding] Amsterdamen (Herbehereak) zegoen orduan; ni, berriz, Zumaian, eta telefonoz sortu genuen lan guztia. Momentu horretan kanpora ateratzeko gogoa genuen. Horregatik, Fordlandian ikusten diren irudi guztiak kanpokoak dira. Guretzat oso berezia den lan bat da, maitasun handia dioguna, eta gure jendeari ahalik eta lan onena aurkezteko gogoa dugu.  

Aurkezpenean esan zenuen areto horretan eman zenituela lehen pausoak agertoki batean. Berezia ere izango da larunbateko emanaldia horregatik, ezta? 

Nik nire bizitzan zapaldutako lehen aretoa Zumaienaren aretoa izan da, orduan Maria eta Jose izena zuena. Bertan egiten genituen Gabonetako jaialdiak. Dantza aldetik ere, Zumaian zabaldutako lehen akademiarekin, hor egin genuen lehenengo emanaldi txikia. Beraz, areto hori oso ondo ezagutzen dut, maitasun handia diot. Pare bat aldiz egon naiz zerbait dantzatzen, gauza txikiak, baina inoiz ezin izan dut ezer handirik aurkeztu, konpainiarekin ezin genuelako Zumaiara etorri. Hau gu bion arteko lana da, eta benetan dut gogoa ordubeteko lan oso bat Zumaiari eskaintzeko. 

Aurretik egindako ikuskizunekin alderatuta desberdina da Fordlandia. Bertan, dantza, musika, irudia uztartzen dituzu. Zerk eraman zintuen ikuskizun hori sortzera? 

Fordlandia gure amets bat da. Fordlandia Henry Fordek Amazonian sortutako herriaren izena da, ondo joan ez zen hiri utopiko bat. Baina, gure ikuskizunean erdigunean dagoen musikaren izena ere bada. Konpositorearentzat inspirazio iturri izan zen Fordlandia. Harekin emanaldi bat sortzea zen gure ametsa.

Zer aurkituko dute larunbatean Zumaienara bertaratuko direnek? 

Alde batetik, jendeak ikuskizun sinple bat aurkituko du; ez da konplikatua. Banatu behar diren bi pertsonaren istorioa kontatzen du. Hutsik dagoen antzoki bat ageri da, eta hortik aurrera amets batean sartzen gara, bata bestearekin berriro egoteko gogoa azaleratuz. Amsterdameko baso batzuetatik igarotzen gara, Zumaiako flyschetik, Itzurun hondartzatik, etab. Elkarrekin berriro egoteko genuen gogoa erakusteko modu bat zen, lana berriro batera egiteko genuen amets hori egia bihurtzeko modu bat. Pandemia garaian ez genekien zer gertatuko zen, eta zerbait ederra sortu genuen.  

Ordutik, In the still of the night eta Lost letters ikuskizunak taularatu dituzu. Haietan ere genero desberdinekin egin duzu lan. Bide horretatik jarraituko duzu edo dantza klasikoan ikusiko zaitugu berriro? 

35 urte noa agertoki gainean, eta beti nahi izan dudana egin dut. Bizitzak ematen dizun gauzarik ederrenetakoa aldaketarena da, beti zerbait berria ikasiz, handituz eta aldatuz. Bizitza eboluzio konstante bat da niretzako. Orduan, Fordlandia, In the still of the night eta Lost letters egin ditugu, eta orain produkzio berriarekin hasi gara. Denetarik egin eta gero, gauzak gure erara egiteko gogoa daukat, genero desberdinak nahaztuta. Espresatzeko dugun modua da. Bakoitzak berea aurkitu behar du, eta hau da guk aukeratu duguna. Amalur indarra izango du izena hurrengo ikuskizunak, eta hark ere irudi eta musika ederrak izango ditu. Hori da, gaur egun, gure pertsonalitatea agertokian.  

Dantza konpainia propioa duzu orain. Zerk bultzatu zaitu horretara? 

Batez ere, dantzariekin lan egiteko gogoak. Bi ikuskizun egin genituen biok batera, Fordlandia eta In the still of the night, baina bagenuen gogoa agertokia beste dantzari batzuekin partekatzekoa. Baita dantzari gazteekin lan egitekoa ere, haiekin hitz eginez, eta haien hasierako pausoetan lagunduz, hasiera on bat izan dezaten, oinarri positibo batekin. Gazteei ere erakutsi nahiko genioke lan asko egin dezaketela, modu onean eta disfrutatzen. Hori oso garrantzitsua da. Gurekin hasitako bi mutil nazioarteko antzoki batzuetan hartu dituzte, eta horrek kristoren poza eman dit, benetako poza. Harro sentitzen naiz, gurekin hasi zirelako, gurekin egin zituztelako lehen emanaldiak, eta orain antzoki handietan daudelako dantza egiten. Gure lanarekin gazteak laguntzeko gai bagara, horrek lan gehiago egiteko gogoa emango dit. 

Zein izango dira zure hurrengo pausoak? 

Laister, gure hurrengo ekoizpenarekin hasiko gara. Amalur indarra du izena, eta gure mitologiarekin harreman handia du. Amalur jainkosa guregana etorriko da mezu batekin. Ekoizpen hau Zumaian egingo dugu, Komentua kultur topagunea erabiliko dugu horretarako. Dantzariak Zumaiara etorriko dira, bi hilabetetan egongo dira, eta herrian bertan sortuko dugu guztia. Horrek poz handia ematen dit. Azkenean, lortu dut ezinezkotzat jotzen nuena: nire etxean egotea, nire familiarekin egotea, eta bertan egitea lan. Lanak gero eta urrutiago eraman nau nire bizitzan, eta azkenean lortu dut, ekoizpen honetarako bada ere, dena bateratzea eta etxean nagoela lan egitea. Lan asko dugu aurrean, baina ilusioa ere handia da.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide