Behin-behinean onartuta geratu dira 2026ko udal aurrekontuak, PSE-EEren babesarekin

Maria Maya Manterola 2025eko azaroaren 28a

Argazkia: Maria Maya Manterola.

21,6 milioi euroko udal aurrekontua izango du Zumaiak 2026an. EAJren udal taldeak aurrekontu proposamenaren aurka bozkatu zuen atzo, azaroko ohiko bilkuran. Hiru proiektu eta zazpi emendakin aurkeztu dituzte jeltzaleek, baina ez dute aurrera egin. 

Eztabaida eraginda, baina aurrera egin dute 2026ko udal aurrekontuek. Azaroko ohiko udalbatzarra izan zen atzo, osteguna, eta plenoko aztergai nagusia izan zen datorren urteko kontuena. Udal Gobernuaren proposamena PSE-EEren babesarekin onartu dute behin-behinean; aurkako botoa eman zuten EAJren udal taldeko zinegotziek.

Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak azaldu zituen aurrekontuen nondik norakoak, hasteko eta behin. 21,6 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du Udal Gobernuak 2026rako: iazkoaren aldean, %6,3 egin du gora; 1,2 milioi gehiago, alegia. Oro har, Larrañagak aipatu zuen hazkundea kudeaketa ekonomiko onaren ondorio dela, eta 2024an eta 2025ean egindako lanari esker aurkeztu ahal izan dutela halako aurrekontua. 

3,7 milioi euro gorde dituzte inbertsioen atalerako. Horiek aletzeari ekin zion gero Ogasun zinegotziak: Komentuko kapera, Marianton parkea, Mollaberri, Santiagoko arrapala eta Erkibe dira inbertsio nagusietako batzuk. Dena den, horiek modu isolatuan ulertu baino, estrategia baten pean kokatu dituztela azaldu zuen Larrañagak. Gizartea da Udal Gobernuak indartu nahi izan duen alorretako bat, eta inbertsioen artean dira euskararen arloa, gizarte larrialdiak, kirola, alokairua bultzatzeko laguntzak nahiz Emakumeon Etxea.

Jeltzaleen emendakinak

EAJren udal taldeak hiru proiektu eta zazpi emendakin aurkeztu dizkio Udal Gobernuari. Hiru proiektuak dira, datorren urteko kontuetako gerakinetatik gauzatzea aurreikusi dutelako, eta aurrekontu proposamenari sartutako emendakinak dira beste zazpi. Iker Mardaras eta Xabier Odriozola zinegotziek banaka aipatu zituzten: herritarrek etxeetatik udalbatzarrak zuzenean jarraitzeko aukera izatea; mugikortasunaren atalean, bizikleten aparkaleku gehiago eta errekarga puntuak ezartzea; gainerako haur parkeak berritzea; komun publiko gehiago ezarri eta daudenak berritzea;  jubilatuen etxean aire girotua ezartzea; eta udal eraikinen gaineko azterketa bat egitea. Proiektu horiek aurrera eramateko, Udal Gobernuak Marianton parkerako proposatutako 1.060.000 milioi euroko inbertsioari 585.000 euro kentzea proposatzen dute jeltzaleek.

Argi Yeregi Hirigintza zinegotziak hartu zuen hitza gero: haren hitzetan, proposamen horiek haurrekin diseinatutako Marianton parkeko proiektua jartzen dute kolokan. EAJren udal taldearen izenean, Odriozolak azaldu zuen beste era batera egin litekeela: Marianton faseka eginda, edo han eraikitzea proposatzen denaren zati bat beste parke batzuetara eramanda. Haren hitzetan, 2019an EAJk bultzatutako proiektua da Mariantongoa, baina gehiegizko garrantzia eman dio Udal Gobernuak. Larrañaga ere Yeregiren ildo beretik aritu zen: Marianton parkea Udal Gobernuaren "proiektu izarra" dela aipatu zuen, eta EAJren proposamenak hura muturrera eraman dezakeela gaineratu. Ogasun zinegotziak, bestalde, nabarmendu zuen "gainerako haur parkeetarako jarri beharrekoa jartzeko prest" dela Udal Gobernua. 

Odriozolak esan zuen "parke ederra" egin zitekeela Marianton parkerako aurrekontua milioi erdira jaitsita ere. Mardarasek, berriz, gaineratu zuen emendakinak "herritarren eskakizunak" direla. "Baiezkorako zabalik" izan direla erantzun zien, gero, Larrañagak. Nolanahi ere, gogorarazi zuen  hiruzpalau proposamen "egintzat" jotzen dituztela. Kirol makinak berritzearena, adibidez –70.000 euroko inbertsioa aurreikusi dute horretarako–. 

Proposatutako zazpi emendakinak batera bozkatu zituzten gero: EH Bilduren udal taldeko zinegotziek ezezko botoa eman zieten, eta abstenitu egin zen PSE-EEko zinegotzi Duñike Agirrezabalaga. Honenbestez, ez dute aurrera egin emendakinetan proposatutako proiektuek. Alderdi sozialistako kideak aitortu zuen gustuko dituela proposamenak, baina arriskua ikusten diola Marianton bezalako proiektu bati halako diru partida kentzea.

PSE-EErekin akordioa

Udalbatzarraren aurretik iragarri zuten Udal Gobernuak eta PSE-EEk aurrekontuari baiezkoa emateko akordioa. Alderdi sozialistak aurkeztutako lau proposamenak aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen Udal Gobernuak horretarako. Ondorengoak dira: Oikia eta Zumaia lotuko dituen bidegorriaren azterlan teknikoa, Hirigintzako artxiboaren digitalizazio proiektua, Patxita Etxezarreta ingururako azterketa eta frankismo garaian giza eskubide urraketan jasan zituztenei omenaldia egitea. 

Agirrezabalagak nabarmendu zuen "konfrontaziotik aldentzen" saiatu dela alderdi sozialista, "nahiz eta kritikoak izan": "Horrek ez du esan nahi guztiarekin ados gaudenik, baina desberdintasunak argi utzita, elkarguneak eta ulermenak bilatzen jakin behar da aurrera egin ahal izateko".

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide