Zumaiako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi du abenduan hasiko dituela Erkibeko lorategiaren inguruko berrurbanizazio lanak. Hiru hilabeteren epean amaitzea aurreikusi dute, eta lanak gauzatzeko, 328.930 euroko aurrekontua dute –kopuru horren %83a (271.635 €) Europako Next Generation EU funtsen bidez finantzatuko da, udalaren esanetan–. Erkibeko lorategiaren eraldaketa Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren – Euskal Kostaldeko Unesco Geoparkea II. fasearen barruan dago, eta Debegesak aurkeztu zuen.
Hiru ildo nagusi ditu proiektuak: espazio publikoaren integrazioa da lehena. Izan ere, Erkibe ingurua Eusebio Gurrutxaga plaza eta Ignacio Zuloaga plazen lotunea izango da, eta oinezkoen bidea erraztuko dute hala. Parke berde berria eraikitzea izango da beste bat. Proiektuarekin, gune atsegin bat sortu nahiko lukete Beheko plazaren aldean. Eta, azkenik, jasangarritasuna eta irisgarritasuna hartu nahiko lituzkete aintzat. Proiektuak %40eko ekarpen klimatikoa betetzen duela azaldu dute, oinezkoen espazioak eta berdeak lehenetsiz.
Argi Yeregi Hirigintza zinegotziaren hitzetan, gune berdeek ongizatea sortzen dute, herritarren arteko topaketak sustatzen dituzte, eta klima aldaketaren aurkako babes aktiboak dira. Udalak azken urteetan jarraitu duen estrategia osasungarri eta jasangarri baten parte da, hain zuzen, proiektua.
Lanak gauzatu bitartean, oinezkoentzako ibilbide seguru bat bermatuko dutela jakinarazi du udalak, baita eskolako joan-etorriak errespetatuko direla ere, batik bat, zamalanak egiterako orduan.
Hondakin guneetan, aldaketak
Gaur egun Erkiberen aurrealdean dauden hondakin arrunten edukiontziak lekualdatu egingo dituzte lanek iraun bitartean. Organikoa, errefusia, ontzi arinak eta papera biltzeko edukiontziak Txomin Agirre kaian izango dira azaroaren 28tik aurrera. Birziklapen etxola, berriz, Alai auzuneko Eroskiren parean ezarriko dute.
Eraikina Batzokia izan zen 1978tik aurrera, eta 90eko hamarkadan abiatu zuen udalak desjabetze prozedura. Eraikinaren inguruko espazioa 2018an zuen, eta hutsik egon da ordutik.
Erkibeko espazioaren berrurbanizazioa gauzatuta, eraikinaren berregituraketari ekingo diete. Elikagunea proiektua sortzeko asmoa dute han, tokiko elikadura eta ekonomia sustatzeko. Proiektua herritarren beharretara egokitzeko parte hartze komunitarioa bultzatuko du udalak.
