Arantxa Tapia, Sabino Arana fundazioko presidente

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 11

Arantxa Tapia. (Orain.eus)

EAJri estuki lotuta dagoen fundazioko presidente kargua hartu du gaur Zumaiako bizilagunak. Mireia Zarate ordezkatuko du hark. Tapia Eusko Jaurlaritzako sailburu izan zen hamabi urtez, eta 2024an utzi zuen politikagintza publikoa; ordutik sektore pribatuan aritu da aholkulari lanetan.

Arantxa Tapia izendatu dute Sabino Arana fundazioko presidente. Zumaiako bizilagunak gaur hartu du kargua, patronatuaren bileran haren izendapena onetsita. Tapiak 2016tik fundazioko presidente izan den Mireia Zarate ordezkatuko du. Haren aurretik, 2005etik 2020ra, Juan Maria Atutxa izan zen EAJrekin estuki lotuta dagoen fundazioaren presidentea.

Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua izan zen astigarragarra Iñigo Urkullu lehendakari izan zen hiru agintaldietan. 2024an utzi zuen politikagintza publikoa, eta ordutik, estrategia aholkulari lanetan aritu da sektore pribatuan.

2005ean egin zuen politikara jauzi, Juan Jose Ibarretxe lehendakari zen sasoian sailburuorde izan baitzen, baita 2007an Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu eta 2011n Espainiako Kongresuan diputatu ere.

Sabino Arana fundazioak euskal abertzaletasunaren sustapenari eta ikerketari lotuta egiten du lan. Tapiak gaur parte hartuko du ekitaldi publiko batean lehen aldiz Sabino Arana fundazioko presidente karguan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide