Zinka da pasa den maiatzean zendu zen Iñaki Olazabal (Andoain, Gipuzkoa, 1959) eskultorearen lanen bereizgarri behinena, eta zinkarekin lan egitera atrebitu dira Oxford aretoan Olazabalen omenez irekitako erakusketan beren alea jarri duten 40 artistetako batzuk. Atzo, ostirala, ireki zuten erakusketa, eta azaroaren 23ra arte egongo da ikusgai.
Hain zuzen, Zinka izena jarri diote Jose Luis Gonzalez Pazos eta Ana Herranz artistek azken hamarkadak Zumaian bizi izan zituen eskultorearen omenez ondu duten pieza deigarriari. Tamaina handiko pieza da, eta erakusketa aretoaren kanpoaldean, Saregile plazan, egongo da ikusgai hilabete osoan. Herranzek azaldu zuenez, Olazabal omentzea da eskultura horren asmoa, eta horretarako, hark landu zuen estiloa "kopiatu" dute neurri batean, baina bi egileen ukituak gehituta. "Iñakik forma zuzenak erabiltzen zituen, guk, aldiz, kurbak onartu ditugu", esplikatu du.
Oxford aretoaren aterpean, bestalde, 40 artistek ondutako dozenaka artelan daude ikusgai. 150 eskultorek osatzen duten Eskuahaldunak elkartearen ekimenez ireki dute Zumaian Iñaki Olazabal bidean izeneko erakusketa, eta bertan daude, besteak beste, Iñaki Ruiz de Eguinoren, Anabel Barberenaren, Iñaki Pikabearen eta Arantza Arratibelen lanak, baita Iñaki Olazabal beraren bi lan ere.
Ismael Manterola arte kritikari zumaiarrak laguna zuen Olazabal, eta haren ibilbidea errepasatu zuen atzoko inaugurazioan. Andoain, bere jaioterria, zeharkatzen duen Oria ibaia bezala bizi izan zen Iñaki Olazabal, zumaiarrak nabarmendu zuenez: "Erreka zurrunbilotsua hasieran, lasaiago, baina oraindik petral samarra, bere jaioterria pasatzerakoan, eta zabala nahiz aldakorra itsasoratu baino lehen, Agina eta Orio artean. Eta ibaiak bezala, orain, itsaso zabalean, betirako lasaitasuna topatuko zuela espero dut".
Besteak beste, Gernika parkean kokatuta dagoen Elkarrizketa obraren egilea da Olazabal, eta eskulturak egiteko zinka erabiltzen zuen bakanetakoa zen. Hori dela eta, material horrekin lan egitera ausartu dira Oxfordeko erakusketan ekarpena egin duten zenbait artista.
Azaroaren 23ra arte ikusgai
Iñaki Olazabal bidean erakusketa azaroaren 23ra arte bisitatu ahal izango da Zumaiako aretoan, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Asteburuetan, eguerditan ere zabalduko dute, 12:30etik 14:00etara.