Iñaki Olazabal eskultorea zendu da bart, 65 urterekin. 1959an Andoainen jaioa, aspalditik bizi zen Zumaian, eta aspalditik zetorren bere harremana eskulturarekin ere. Ikasketaz elektrizista bazen ere, 40 urte inguruan ibili da han eta hemen lanean, zinc-a bere lehengai nagusitzat hartuta pieza desberdinak sortzen.
Tamaina handi zein txikietako piezak egin zituen Zumaiako bizilagunak, eta bere sorkuntzek herri askotako obra publikoa ere hartzen dute, tartean Zumaiakoa. Izan ere, bera da Gernika parkean kokatuta dagoen Elkarrizketa obraren sortzailea. Zazpi eskulturek osatzen dute sorkuntza hori, Euskal Herriko zazpi probintzia irudikatzen dituena, "euskaldunen arteko elkarrizketa" moduan. Gipuzkoako Batzar Nagusien sarreran ere badago bere lan bat.
Duela egun batzuk ere albiste izan zen Olazabal, joan den ostiralean jakinarazi zuten Zugaztietako Eskultura Parkean zituen lanei eraso egin zietela eta Hustion lakura bota zituztela.
Hemen ikus daiteke Baleikek -orain Zumaia Gukak- 2015ean egin zion erreportajea.