Lehenbizikoz Gau beltza antolatu dute urriko azken egunerako Zumaiako ikastetxeetako guraso elkarteek elkarlanean, eta makina bat haur eta gaztetxo gerturatu dira ekitaldira. Eguna iluntzen hasterako elkartu dira Arritokieta kalean, eta Alde Zaharrean zehar egin dute ibilbidea, aurpegiak margotuta eta etxeko trapu zaharrak soinean.
Herriko hainbat kultur eragileren eta pertsonen laguntza izan dute kalejiran. Besteak beste, bertsolariak, dantzariak eta adar jotzaileak izan dira urteko gaurik beltzena girotzen, eta musikaz gozatu nahiz elkarrekin dantzatzeko parada izan dute bertaratutakoek. Helburua, bakarra: bertako kultura eta usadioa oinarri hartuta ospatzea Gau beltza. Amaia plazan dantzan amaitu dute kalejira, eta gaztaina erreak ere izan dituzte han.
Kalejira abiatu aurretik, udaletxearen kanpoaldean elkartu dira parte hartzaileak, eta aurpegiak margotzeko aukera izan dute bertan, bi eskoletako DBHko eta Batxilergoko kideen eskutik. Mari kalea ere atondu dute gero, kalejira heltzerako behar bezala girotuta egon zedin Alde Zaharra.