Edurne Egañak EKPko zuzendari postua utzi du

Juan Luis Romatet 2025ko urr. 28a, 16:53

Edurne Egaña.

Zumaiarra hamahiru urtez izan da Euskadiko Kirol Portuen zuzendaria, eta kargua uztea "borondatezko erabakia" izan dela azaldu du.

Euskadiko Kirol Portuko (EKP) zuzendari karguan hamahiru urteko ibilbideari amaiera eman dio Edurne Egaña zumaiarrak. Eusko Jaurlaritzako ordezkariek astearteroko bilera egin dute gaur, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako portuak –Pasaiakoa eta Bilbokoa ezik– kudeatzen dituen entitatearen zuzendaritzan aldaketa egitea bilkura horretan onartu dute. Hemendik aurrera, Urdaibai Biosfera Erreserbako arkitektu izan den Jon Asua izango da EKPren zuzendaria.

Egañarekin hitz egin du Gukak, eta hark kargua uztea "borondatezko erabakia" izan dela esan du. "Hamahiru urte neramatzan kargu horretan, eta uste dut etapek amaiera izan behar dutela". Hark gaineratu duenez, Lehendakaritzan aldaketa izan eta gero ere izan zuen zuzendari kargua uzteko aukera, baina gauza batzuk "bukatzeko" zituela eta, horiek egin arte jarraitu duela azaldu du. "Etapa guztiek bukatu behar izaten dute; izan ere, ona da jende berria sartzea", gaineratu du. Halaber, haren aburuz, egindako lanari esker iritsi zenean zegoena baino "hobeto" utzi du EKP.

EAJri lotutako pertsona da Egaña, eta hainbat kargu ditu gaur egun. Zumaiako Uri Buru Batzarreko burua izateaz gain, Gipuzko Buru Batzarreko burukidea ere bada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide