Zumaiako EAJren udal taldeak salatu duenez, herriko haur parkeak narbamen hondatuta daude eta berritze sakona behar dute. Taldearen hitzetan, Zumaiako parkeen egoera "kezkagarria" da, eta EH Bilduren udal gobernuak gaur-gaurkoz ez ditu erabili 2023-24 urteetako aurrekontu parte hartzaileetan haur parkeak hobetzeko adostutako 70.000 euroak.
Haien aburuz, bat baino gehiago dira berritzea behar duten herriko haur parkeak: Oikiakoa, San Migelekoa, Jadarrekoa, Bonbilobekoa, Amaia plazakoa, anbulatorio ingurukoa, Bidabe azpikoa, Beheko plazakoa, Arrangoletakoa, Kantauri plazakoa, Mariantongoa eta Puntanuetakoa.
Jeltzaleen udal taldeko ordezkariek esan dutenez, jolastokietara baliabideak bideratzea ongizatearen eta etorkizunaren aldeko apustua egitea da. Gainera, EAJren ustez, Zumaiako auzo guztiek merezi dituzte haurrentzako seguruak eta duinak diren jolas eremuak, baita familiak elkartzeko gune egokiak ere. "Ez du zentzurik ia milioi bat euro proiektu bakar batera bideratzeak, gainerako parkeek egoera txarrean jarraitzen duten bitartean", esan dute.
Mariantongo proiektua, geldirik
Ia milioi bat euroko proiektua Marianton auzoan gauzatzekoak zirena da. Hain zuzen, auzo horretan parkea eta estalkia eraikitzeko proiektua geldirik dagoela esan du EAJk: "2023an abiatu behar zuten proiektua, 800.000 euro inguruko aurrekontua zuen, baina oraindik ez dute martxan jarri".
Proiektu hori Zumaiako ikastetxeetako Haurren Kontseiluaren laguntzarekin ondu zuen udalak, baina ez duela aurrera egin salatu du jeltzaleen udal taldeak: "Hori da udal gobernuaren kudeaketa faltaren eta Zumaiako haurrekiko hartutako konpromisoak betetzeko ezgaitasunaren beste adibide bat".
Jeltzaleek Mariantongo proiektua "2022. urtean adostutako baldintzetan" berreskuratzea proposatu dute, hau da, eremu estalia eraikitzea eta parkea berritzea "zentzuzko aurrekontu" baten bidez. Horrela eginez gero, 780.000 euroko partida murriztu egingo luketela esan dute, eta aurreztutako diru hori herriko gainerako parkeak modu inklusiboan eta integralean berritzera bideratu ahalko luketela.