Duela hamabi urte Parkinsonen gaixotasuna zenuela jakin zenuen. Nola hartu zenuen berria?
Motxila txiki bat kentzea izan zen handi bat hartzeko. Bizpahiru urte neramatzan zerbait banuela susmatzen: lo gutxi egiten nuen, jendearekin gaizki moldatzen nintzen, haserretu egiten nintzen, espresibitatea galtzen ari nintzen... Zerbait arraroa zen. Banekien zerbait banuela, baina izena jartzea falta zitzaidan. Zer nuen jakin nuenean, alde batetik, arindu egin nintzen, baina, bestetik, zama handi bat sentitu nuen. Parkinson hitza entzun nuenean, mundua gainera erori zitzaidan.
Hitza entzunda izango zenuen, baina zehazki zer zen ba al zenekien?
Ez nekien buruan zomorro bat ote nuen ere; ez nekien ezer. Ikusita nuen Casius Clay [Muhammad Ali boxeolaria] dardara handiarekin Olinpiar Jokoetako zuzia eramaten. Hura nuen erreferentzia bakarra.
Parkinson hitza entzutean, jende gehienari dardara etorri ohi zaio burura. Eragin askoz gehiago izango ditu, ezta?
Bai, bai. Parkinsona oso konpletoa da. Hogei ezaugarritik bost betetzen badituzu, esan daiteke parkinsona duzula. Esaten dute parkinsona duten guztiek ez dutela dardara egiten, eta dardara egiten duten guztiek ez dutela parkinsona. Nire kasuan, gogorrena ez dira dardarak edo mugikortasuna galtzea izan; okerrena depresioak izan dira. Gure gizartean oraindik ere buru gaixotasunak aipatzea tabua da, baina nik hiru depresio oso gogor izan nituen. Hil egin nahi nuen. Orain, halako bizitzeko gogoa izanda, ezin dut ulertu nola egon nintzen egoera horretan. Ni orain hemen banago, nire neska-lagunarengatik eta amarengatik da. Ez naiz gai nire buruaz beste egiteko, baina bestela eskatuko nukeen hiltzea. Hori izan da gogorrena.
Parkinsona sendagaitza da. Horrek emozionalki nola eragin zizun?
Bizimodua ez dut planteatu gaixotasunaren aurkako borroka bezala. Planteamendu hori errespetatzen dut beste gaixotasun batzuekin, minbiziarekin, esaterako; egokitzapen moduan hartu dut nik. Materialen higadura da hau. Batzuei ikusmenean eragiten die, besteei dardaran. Nire kasuan, burmuinean eragin dit gaitzak. Errealitatera egokitzea erabaki dut, ahal den heinean, nire gorputzarekin bat eginez. Prozesua geratzea ia ezinezkoa da, baina moteltzea posible da. Hamabi urte daramatzat parkinsonarekin eta ez naiz kexatzen, beste batzuen kasuan, prozesua askoz azkarrago doa eta. Ez dut inoiz ezkutatu parkinsona dudala; iruditzen zait hori egitea alferrikakoa dela. Supergizonaren papera ere jarri didate batzuek, eta hori ez zait gustatu. Ez naiz izan inoiz superheroien zalea, betidanik oso errealista izan naiz. Tom Sawyerren zaleagoa izan naiz superheroiena baino.
Ezagutzen zaituztenek badakite ez zarela inoiz geldirik egoten. Lehen ere hala zinen, edo gaixotasunari aurre egiteko modu bat izan da?
Beti izan naiz oso aktiboa. Neska-mutikoren bat ikusten dudanean, ahalmen handiko gizaki bezala ikusten dut. Beti izan dut grina hizkuntzak ikasteko, dantzarako, irakurtzeko, sexurako. Saiatzen naiz niregan dauden ahalmen horiek garatzen. Hori murriztuta ikusi dudan neurrian, zaletasun gehiago izaten saiatu naiz. Parkinsonaren beste ezaugarri bat da plazerarekiko gaitasuna galtzen dugula. Ekintza desberdinetan aritzea terapeutikoa izan daiteke, baina nik plazeragatik egiten dut. Gure etxean barre egiten zuten, baina hiru urtez dantza garaikidean aritu nintzen. Txarra nintzen, baina oso gustura aritu nintzen.
Flysch Trailaren aurkezpenean esan zenuen kirola bizitzari eusteko modua zenuela.
Kirola baino gustukoago dut jarduera fisikoa. Kirola lehiakortasunarekin lotzen dut. Jarduera fisikoari esker, nire gorputzak naturarekin bat egiten du. Mendira joan, igeri egin, belaontzian nabigatu, frontoian jokatu... hori guztia plazeragatik egiten dut.
Gaitzak aurrera egin ahala, jarduera fisikoa egiteko zailtasunak areagotu al zaizkizu?
Oso bitxia da, gauza batzuetan errekuperazioa izan dudalako. Beldurrak parkinsonak baino paralisi handiagoa eragiten du; beldurra da dagoen gaixotasun okerrenetakoa. Beldurrak paralizatu ninduen. Hasieran ez nintzen gai korrika egiteko, ez nituen besoak eta hankak koordinatzen. Poliki-poliki, egoskorra izanez, lortu dut korrikara lotzea.
Psikologikoki exijentzia handia eskatuko du horrek guztiak.
Ahalegin handia egin behar izaten dut; batez ere, goizetan, esnatzen naizenean, ez naizelako gai janzteko ere. Flysch Traila egiterakoan, nire erronka ez da irtetea eta bukatzea, irteerara heltzeko janztea baizik. Nik neuk ez nuke sinetsiko: goizean jaikitzeko gai izan ez, eta gero hamabi edo hamahiru kilometro egiteko gai naiz.
Kasualitatez parte hartu nuen iaz proban. Lagun batek dortsala zuen, ez zuen ateratzeko asmorik, eta niri eman zidan. Oso esperientzia positiboa izan zen. Azken finean, ia egunero egiten dudanari dortsala jartzea izan zen. Aurten ere Flysch Trailean aterako naiz; gero, berdin dit bukatu edo ez. Planteamendu horrekin aterako naiz.
Aniztasun funtzionala duten korrikalariek nolabaiteko abantailak izatea eskatu zenien antolatzaileei.
Eskaera egin eta berehala nirekin harremanetan jarri ziren. Berez, ez nuen nahi lasterketa desitxuratzea. Zailtasun batzuk ditut, eta lehenengoa apuntatzeko orduan dut. Horregatik, dortsal batzuk gordetzea eskatu nuen. Gero, esfinterrarekin arazo batzuk izaten ditugu, eta komunera joateko aukera gehiago izatea ere eskatu nuen. Amaitzeko, proba osatzeko gehienezko denbora handitzea ere proposatu nuen. Hiru orduko astia izango da, eta nire ustez, denbora ematen du amaitzeko.
Ezgaitasuna %45etik %67ra igo didate, eta ehuneko horrekin parte hartu daitekeela erakutsi nahi dut.