Atzo bildu zen udalbatza, osteguna. Datorren urteari begira jarri dira jada: ordenantza fiskalak izan zituzten aztergai, besteak beste. KPI aurreikuspenak baino zertxobait baxuagoa da Udal Gobernuak proposatu duen igoera, %2,5ekoa, hain justu ere. EH Bilduko zinegotzien aldeko botoekin eta EAJ eta PSE-EEkoen abstentzioarekin egin du aurrera igoerak.
Unai Larrañaga Ogasun zinegotziak eman zituen ordenantza fiskalen proposamenaren inguruko azalpenak. Haren hitzetan, udal zerbitzuen kalitatea mantentzea da beren helburua, beti ere, herritarren erosteko ahalmena arriskuan jarri gabe. Udalaren inbertsio gaitasuna mantentzea ahalbidetuko du, Larrañagaren ustez, %2,5eko igoera orokorrak. Atalez atal aletu zituen hark tasa eta zergen igoerak.
Etxebizitza hutsen gaineko %150eko errekargua proposatu du Udal Gobernuak, batetik. Zumaia tentsiopeko eremu izendatu ondoren, merkatura ahalik eta etxebizitza gehien atera daitezen beren esku dauden tresna guztiak erabili behar dituztela aipatu zuen Larrañagak. Horrez gain, zumaiarren etxebizitzarako sarbidea errazteko, gutxieneko kontsumoak eta jarduera profesionalak salbuespen gisa kentzea proposatu dute. Beste zenbait neurri ere hartuko dituzte udalean: Bizigune programara atxikita dauden etxeei %99ko hobaria ezartzea eta bide horretatik bildutako dirua etxebizitza parke publikoa handitzera bideratzea, esaterako.
Beste doikuntza batzuk
Familia ugarien taula eguneratu eta homogeneizatu egingo dute, bestalde. Horretarako, seme-alaben kopuruaren ordez, familia ugarien kalifikazio orokorretara pasako dituzte taulak. Aldaketa horiekin, "ia familia guztiek hobekuntzaren bat" izango dute, Larrañagak azaldu zuenez. Ibilgailu zaharrei hobari fiskala kendu egingo diete, iragarritakoaren arabera, eta ibilgailu historikoak bakarrik mantendu. Ibilgailu hibrido eta elektrikoen kasuan, hobarietatik kanpo uztea proposatu du Udal Gobernuak, beren ustez, badituztelako laguntza garrantzitsuak jada. Udal zerbitzuen atalean, Larrañagak azaldu zuen doikuntza bat egingo dutela udalekuetan eta kultur ikastaroetan, kalitatea bermatuz, baina kostu errealaren eta prezio publikoaren arteko aldea handiegia izan gabe.
Larrañagaren ustez ez da erreforma sakona, ezta erradikala ere, "politika fiskal koherentearekin bat datozen doikuntzak" besterik ez. Zerbitzu publiko sendoak eta bidezko fiskalitatea bermatu nahi dituztela azaldu zuen, herritarren ekonomia zainduz eta etorkizunerako inbertsio gaitasuna bermatuz, beti ere.
Jeltzaleen izenean Iker Mardarasek hartu zuen hitza: oro har, ados agertu zen EAJren udal taldea % 2,5eko igoerarekin, eta baita familia ugarien hobarietan errenta gutxiko tartean hobaria igotzearekin ere. Horrez gain, errenta ertainetan "progresibitatea egokitu" izana txalotu zuten, "2023an kolektibo horri egindako kaltea konponduz".
Ondasun Higiezinen Zergari dagokionean, Mardarasek nabarmendu zuen positiboa dela Bizigune programaren parte diren etxeen hobaria %99ra igotzea. Ohiko etxebizitza ez direnei errekargua %150ra igotzea proposatu zuen Udal Gobernuak, bestalde, eta neurri horrek udalari "diru sarrera garrantzitsu bat" suposatuko dion arren, diru sarrera horien xedea zehaztea garrantzizkotzat jo zuen Mardarasek: "Gaiarekin zerikusia daukan xede batera bideratu beharko litzateke, eta ez gastu orokorretara. Udal Gobernuaren erantzuna izan da herriko etxebizitza parke publikora bideratuko dela, eta konpromiso hori izanda kezka hori arintzen zaigu".
Dena den, beren etxebizitza politika sustatzeko lanabes potenteena HAPOa dela esan zuen Mardarasek, eta ez errekarguak. "Hor egiten du EAJk apustu handiena eta ezberdinena EH Bilduren ikuspegi kontserbadorearen aurrean", gaineratu zuen.