Esti Irureta: "Boluntariorik gabe festak ez luke izango daukan izaera"

Maria Maya Manterola | Urtzi Oteiza 2025ko ira. 18a, 16:00

Olagarro Eguna antolatzeaz arduratzen da Irureta (Zumaia, 1976). Prest du guztia. Lan horiez guztiez, olagarro faltaz nahiz aurtengo berrikuntzez aritu da solasean.

Etzi ospatuko da Olagarro Eguna Zumaian, larunbatean. Guztia prest al daukazue?

Bai, den-dena prest. Elkarteek ere lan asko egiten dute egun horretarako, eta azken prestaketekin ari dira, baina gure aldetik, gehientsuena prest dugu. Bezperan izango dugu lan asko, bihar, olagarro mozketarekin. 

Turismo teknikaria zara zu. Zer lan izaten dituzu aurrez?

Guztia koordinatzea eta antolatzea lan handia da. Azpiegitura handia eskatzen duen festa da. Txarra izaten da abuztua tartean izaten dugula. Abuztuan inork ez du kasurik egiten, eta ekainean edo uztailean hasi behar izaten naiz antolatzen. Denboraz goizegi dela erantzuten didate askotan, eta alde horretatik, dataren aldetik, zailtasunak izaten ditut. Ekainaren bukaerarako edo uztailaren hasierarako murgiltzen naiz antolaketan, eta era guztietako lanak izaten ditut. Hala ere, elikagaien arloa da kezka gehien sorrarazten didana: gastronomiak garrantzi handia du festa honetan, eta elikagaien trataerarekin kontuz ibili beharra dago. Oso ondo zaintzen dugu, baita olagarroaren kalitatea ere. Osasun sailak baimendutako enpresei eskatzen diegu olagarroa, dastaketa bat egiten dugu, eta prezioari baino gehiago begiratzen diogu kalitateari eta zaporeari.

Eta egunean bertan, zertan arituko zara?

Guztia ondo gauzatzen dela kontrolatzen. Herri bazkariaren lekuan egongo naiz, adibidez: aurten lehenbizikoz enpresa bat arduratuko da horretaz, eta ni han izango naiz heltzen direnerako, behar dituzten gauzak non dauden erakusteko. Zerbaitek ihes egin badigu ere, hori konpondu behar izaten dugu: brigadari deitu, txosnen muntaketa kontrolatu... Aurrez begiratzen dugu elkarte bakoitzak behar duen materiala ondo gordeta ote dagoen biltegi bakoitzean. Zerbait falta baldin bada, elkarteak deika hasten dira, horiei erantzun behar zaie... 

Goizean izaten dut lan gehien, festak behar duen azpiegituraren muntaketa guztia egin arte. Brigada ere pasatzen da leku guztietatik, elektrizitatea-eta ondo dabiltzan begiratzera. Muntatu arteko prestaketa horien guztien koordinazioaz arduratzen naiz. 

Zumaiarra zara zu, eta Olagarro Egunaren antolaketan aritzen zara urtero, baina olagarroa gustatzen al zaizu?

Esan beharra daukat ezetz, ez zaidala gustatzen. Ez naiz itsaski zalea orokorrean. Arraina asko gustatzen zait, baina olagarroa ez.

Aipatu duzu herriko eragileek eta taldeek parte hartzen dutela antolaketan. Zenbat talde izango dira aurten?

Festa handitzen joan da, eta txosna gehiago jartzen ditugu orain. 250-300 boluntario aritzen dira lanean, bai aurreko eguneko prestaketan, olagarro brotxetak-eta prestatzen, bai egunean bertan. Haiek gabe festa honek ez luke izango daukan izaera. Boluntarioen lana oso-oso garrantzitsua da, eta eragileentzat beraientzat ere bai, diru iturri garrantzitsua delako beraien jarduna aurrera eramateko urtean zehar. Kultur jarduerak antolatzen dituzte hala, kirol jardurak ere bai... 

Programari dagokionez, zer berrikuntza izango dira aurten?

Ohikoak diren jarduerak mantendu egingo dira, ondo funtzionatzen dutelako, eta ondo dagoena aldatu beharrik ez dagoelako. Kuadrillen arteko batel estropada izango da, txistulariak arituko dira Astinduko dantza taldearekin, trikitilariak ere bai, azoka, herri bazkaria, brotxeten salmenta... 

Lehen olagarro zopa banatzen zen txosnetan, eta azken urteotan zailtasunak izan ditugu olagarro lehorra inguratzeko. Azken bost urteetan zaila izan da. Iaz ezin izan genuen lortu, eta aurten ere ez, saiatu garen arren. Olagarroa patatekin banatuko dugu zoparen partez. Goiz partean bi txosnatan bakarrik banatuko dituzte brotxetak: Gernika parkean izango da bata, estropada eremuan; eta Eusebio Gurrutxaga plazan bestea. Gainerakoek olagarroa patetekin banatuko dute zoparen partez. 

Ibon Uranga izan da Olagarro Eguneko zutabeetako bat. Iaz omendu zenuten. Haren falta sumatuko al duzu aurten?

Noski. Urteen poderioz hartu-eman handia egin dugu, eta lan asko egin du urte hauetan, bai berak, baita harekin aritzen ziren gainerako sukaldariek ere. Falta sentitu dut antolaketan, eta sentituko dut egunean bertan. Baina badakit herri bazkariko txartelak erosi dituela eta Pulpo elkartean afaria antolatu duela. Hor bueltan ibiliko da; beraz, gertu izango dut. 

Olagarro lehor faltaren harira, Olagarro Eguna egingo ote zen zalantza sortu da herritarren artean. 

Niri ere zurrumurrua heldu zitzaidan aurten ez zela Olagarro Egunik egongo, eta ez nuen ulertzen zergatik. Olagarro zopa egiteko olagarro lehorrik ez da lortu, baina horrek ez du esan nahi Olagarro Egunik antolatuko ez denik. Olagarro brotxeta kilo kopuru berdina egingo da aurten, txosna kopuru bera egongo da, 600 lagunentzako herri bazkaria izango da... Orion ere Bisigu Egunarekin aldaketaren bat izan zen, eta uste dut hortik etor daitekeela kezka. Baina udalak, behintzat, orain arte ez du beste aukerarik aztertu.

Bilera bat deitu zenuten olagarro lehorraren faltari heltzeko. 

Ez da erraza, olagarrorik ez dagoelako gure kostetan. Azken urteotan esfortzu handia egin dut lehorra lortzeko, eta ez dago, arrantzatzeko ere ez. Paisaia naturala daukagu hemen, lehen biotopoa zen kostalde hori, olagarroa arrantzatzea debekatuta dagoen bi eremu ere bai... Baimenduta dagoen lekuetan, 750 gramotik gorako pieza bakarra hartu daiteke. 

Hala ere, ez dakit datu objektiboak zeintzuk diren: nik dakidala azterketa zehatzik ez da egin zergatia jakiteko, edo nik behintzat ez dakit, galdetu dudan arren. Ez dakit zer gertatzen ari den. 

Lehortzeko ere, ez dago bertako olagarrorik, eta lehortzen duen jenderik ere ez. Lehen balkoietan lehortzen zen, baratzeetan, eta gaur egun jende oso gutxik lehortzen du. Udalak egin nahi izan zuen saiakera zumaiarrena den ondare hori mantentzeko Kultura eta Turismo sailetatik, eta deialdia egin genuen, baina bi bakarrik gerturatu ziren. Kezka badago, baina jendea orokorrean oso eroso dago, gaude. 

Olagarro Eguna igarota helduko al diozue atzera gaiari?

Heldu beharko diogu, pena handia delako galtzea zumaiarrena den ohitura hori. 

Olagarro Eguneko egitaraua, hemen ikusgai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide