Javi Pinilla: "Zumaiakok identitate propioa izan dezan lanean ari gara"

Juan Luis Romatet 2025ko ira. 14a, 11:00

Javi Pinilla, pasa den ostegunean, Aita Mari futbol zelaian. (Juan Luis Romatet)

Javi Pinillak (Zumaia, 1976) ondo ezagutzen du Zumaiako Futbol Taldea. Jokalaria izan da, entrenatzailea eta, duela bi urtetik, klubeko kirol zuzendaria. 2025-26 futbol denboraldia hastear da, eta hamasei talderekin lehiatuko da Zumaiako. Denboraldiaz eta klubak dituen helburuez jardun du Gukarekin.  

Bizitza osoa daramazu Zumaiako Futbol Taldeari lotuta. Nola hasi zinen? 

Orain gertatzen den bezala, pentsatzen dut 8 bat urterekin sartuko nintzela klubean. Jokalaria izan nintzen 30 urtera arte, eta gero atsedena hartu nuen; hiruzpalau urte egon nintzen hona [futbol zelaira] etorri gabe. Itzultzeko unea heldu zenean, entrenatzaile titulua atera nuen, eta urte batzuk egin nituen hemen entrenatzaile lanetan. Zarautzen ere egon nintzen entrenatzaile bezala, duela sei urte berriro itzuli nintzen arte, lehen entrenatzaileen laguntzaile bezala. Duela bi urte eskaini zidaten klubeko kirol zuzendari izatea, akaso, klubean urte gehien egin dituen pertsona naizelako.  

Kirol zuzendari titulua entzutean, Reala bezalako klub handiak etortzen dira burura. Normala al da Zumaiako bezalako klub batek halako pertsona bat izatea? 

Orain arte Zumaiakok ez du kirol zuzendaririk izan. Baina, egia da hau handitzen ari dela eta inguruko klubek badutela figura hori. Klubak eman beharreko pauso garrantzitsua zela uste dut, ez egitura koordinatzeko bakarrik, baita helburuak zehazteko, edo lan metodologia bat planteatzeko ere, klub osoa bide beretik joan dadin. Kluba hazten joan dadin pauso bat dela esango nuke.  

Hainbeste talde, hainbeste jokalari. Hori guztia koordinatzea ez da erraza izango, are eta gehiago futbol zelai bakarra dagoenean Zumaian. 

Ez da erreza, ez. Esan behar dut Maialen Antiarekin egiten dudala lan; berak kudeatzen ditu emakumezkoen taldeak. Guztira, hamasei talde federatu ditugu: hamabi mutiletan eta lau neskatan. Gero, futbol eskola ere badugu, 200 bat lizentziarekin. Guztira, 500 jokalari inguru ditugu klubean. Gero, entrenatzaileak ere baditugu, eta hori ere gorantz doa. Hori guztia koordinatzea ez da erraza.  

Gero, futbol zelai bakarra dugu. Ditugun azpiegiturak ditugu, eta ezin dugu gehiago izan. Ilusioarekin oztopo horiek guztiak gainditzen ditugu, eta ea ilusio horrek noraino eramaten gaituen.  

Hastear duzue futbol denboraldi berria. Nola egingo dio aurre Zumaiakok? 

Pasatakoa urte oso ona izan zen. Emakumezkoen taldea Euskal Ligara igo zen, eta gizonezkoen Ohorezko Mailako taldeak lortutako sailkapena –laugarren izan zen– klubak inoiz izan duen bigarren emaitza onena izango zen. Kluba gorantz doa eta pentsatzen jartzen zara ea noraino heldu gaitezkeen. Ikusiko dugu baloiak nora eramaten gaituen; kontua izango da baloia atean sartzen den edo ez. Ilusio handiarekin ekingo diogu denboraldiari. Uste dugu neskek denboraldi oso ona egin dezaketela, eta ikusiko dugu mutilek zer egin dezaketen. Bost urte daramatzate urtetik urtera hobetzen. Aurreko entrenatzaileak utzi egin zuen, eta beste entrenatzaile bat ekarri dugu, hobetzen jarraitzen joateko. Ea nola joaten den. 

Normalean, emaitzek laguntzen ez dutenean izaten dira entrenatzaile aldaketak. Zuen kasuan ez da hala izan. 

Entrenatzaileek etapa batzuk izaten dituzte. Beraien mezua izaten dute, eta urteekin agortu egiten dira. Anderrek [Treviño] beste urtebetez jarraitzea nahi genuen, baina ulertzen dugu sei urteren ondoren aldaketa nahi izatea. Gauzak hala gertatzen dira eta moldatu behar zara. Maila oneko beste entrenatzaile baten bila ibili ginen eta oso gustura gaude oraingoz [Iñigo Mendiarekin, gizonen lehen taldeko entrenatzailearekin]. Ea larunbatean nola hasten diren gauzak. Baja asko izan ditugu aurten. Ziklo aldaketa bezala ikusten dugu, aurreko entrenatzailea joan zelako, eta jokalari asko ere bai. Berriro indarrak hartzen gabiltza, eta ea aurten sorpresaren bat ematen dugun.  

Baja horien lekuak betetzeko jokalariak fitxatu dituzue? Edo jubeniletako jokalariak igo dituzue? 

Hiruzpalau jokalari fitxatu ditugu. Gero, jubenilak denboraldi aurrean daude orain. Talde oso on bat dago, baina oraindik ere jubenilak dira. Lehen taldera igotzeko gazteegiak izatea baino, jubenilen taldea Euskal Ligara igotzea nahiko nuke. Iaz kanpoko entrenatzaile bat ekarri genuen taldea indartzeko. Jubenilen taldea zaindu nahi dugu, igotzeko aukera handiak izango ditugulako.  

Denboraldi amaieran Ander Treviñori egindako elkarrizketan zioen gizonen lehen taldeak gora begira jartzeko osagaiak bazituela. Baja horiek izanda, agian denboraldirako jarritako helburuak aldatu dituzue? 

Inoiz ez dugu izan hirugarren mailara igotzeko helbururik. Iaz ere ez zen izan helburu erreala; aurreko urteko emaitza hobetu nahi genuen, baina ikusten genuen taldea ondo zebilela, eta denboraldi amaieran ere goiko postuetan jarraitzen zuela, eta igoerako postuetatik hurbil zegoela. Egoera horretan normala zen ilusioa izatea, baina ikusten genuen hobetzeko kontuak ere bagenituela. Hor jokalari batzuk joan zaizkigu, baina helburua aurreko bera da: iazko emaitza hobetzea. Iaz laugarren izan ginen, ea aurten zertxobait gorako amaitzen dugun. Edo, behintzat, denboraldian zehar hor goian egotea. Bost urte goaz hobetzen, eta badakigu ez dela erraza izango, baina uste dugu gauza hobeak eskaintzeko adinako taldea dugula.   

Iaz sekulako poza jaso zenuten emakumezkoen taldearen maila igoerarekin. Aurten, nolako denboraldia izango dela uste duzue? 

Lehen entrenatzaileak, Igor Osak, ez du jarraituko. Iaz bigarren entrenatzailea izan zen Jon Alberdik hartuko du ardura. Jokalariak ondo ezagutzen dituen pertsona da. Beste lagun bat ekarri dugu, esperientziaduna, Alberdiri laguntzeko. Nik uste denboraldi polita izango dela beraientzako. Kategoria berria da, eta lehiatzen hasten zarenera arte ez dakizu non egongo zaren. Iazko denboraldia oso ona izan zen, igoera uste baino errazago lortu zen. Ikusita zer talde izango dituzten aurkari denboraldi berrian, uste dugu gauza politak egiteko gai izango direla. Helburua mailari eustea eta jokalariek kategoria ezagutzea izango da. Egia da atzetik jokalari oso onak datozela.  

Beti lehen taldetan jartzen da mira, baina harrobia dago atzetik. Hori ere zaindu beharko da.  

Klubaren hiru zutabeak entrenatzaileak, entrenamenduak eta jokalariak dira. Azken lauzpabost urtetatik hona, klubeko entrenatzaile federatu guztiak aldatu egin dira. Denak dira berriak. Entrenatzaile gazte asko dugu, eta lanketa berezi bat egiten ari gara barne prestakuntza bat eskaintzeko eta hobetzen joateko. 40 bat lagun izango ditugu, horietatik asko entrenatzaile tituluekin. Bestela, entrenamenduak ere lantzen ari gara, harrobia zaindu ahal izateko. Lan metodologia bat ezarri nahi dugu, jokalari eta talde guztiek entrenamendu mota logikoak izan ditzaten, jokalarien adinarekin bat doazenak, eta adin horietako helburuekin beteko direnak. Beheko kategorietarako Realaren laguntza izango dugu aurten, planifikazioa hobetu dadin. Azken finean, helburu sozial bat badu klubak, eta da haurrek leku bat izatea kirola egiteko. Baina beste helburu bat ere badu, eta da jokalaria formatzea lehen taldera iritsi ahal izateko.  

Alde horretatik lan handia dugu oraindik egiteko. Hasieran ez nintzen ohartu, baina Zarauztik bueltatu nintzenean konturatu nintzen klubarekin pertenentzia sentimendua ez zela hemen oso handia jokalarien aldetik. Zeure taldearekin sentimendua bai, baina ikusten dugu klubarekin pertenentzia sentimendu hori beste klub batzuetan hobeto lantzen dutela guk baino. Lanketa bat egiten ari gara jokalariak Zumaiakoko partaide izateko sentimendua izan dezan, ez soilik kadete taldekoa edo jubenil taldekoa. Hor lana dugu egiteko, hobetzeko ere bai, eta pauso horiek ematen gabiltza.  

Emaitzei garrantzia ematen diegu, noski, baina soilik konpetizioko taldeei dagokionez. Benetako garrantzia jokalarien progresioak du. Gero, etorkizunera begira martxan jarri nahi duguna klubaren zigiluaren ideia da. Zumaiakoren identitate propioa sortu nahiko genuke, gure talderen bat kanpora lehiatzera doanean igarri dadin Zumaiakoren talde bat dela. Identitatearen ideia hori pixkanaka lantzen ari gara. Entrenatzaileekin ari gara lantzen, ikuspuntu desberdinak jasotzen, eta aurten kadeteekin egingo dugu lanketa. Identitate propioa izango duen klub bat izatea nahiko genuke.  

Gaur egun, nola ikusten duzu Zumaiako? 

Klubean ez dugu inoiz hainbeste jokalaririk izan, ezta hainbeste talderik ere, eta limite batera heltzen ari gara. Ditugun azpiegiturak ditugu, eta sor daitezkeen arazoak ilusioarekin konpontzen gabiltza. Nik uste klubak barne lana egin duela eta hor asko hobetu dela. Esango nuke klubaren hobekuntzaren isla lehen taldeak direla. Beraien arazoekin, baina gorantz doaz taldeak. Eta gero ikusten dugu jokalari mordoa dugula. Arazo batzuk izango ditugu agian, baina taldea hazten ari da. Kanpora begira ere badugu hobetzeko lana, kluba herrira hurreratu dadin, baina baita herria klubera ere.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide